Olamendik azoka berezia egingo du igandean
Lehen Gabonen bezperan egiten zuten San Tomas feria aurreratu egin dute egutegian. Azokan egingo da 11:00etatik aurrera, betiko osagarriak izango ditu, eta ez da Txu-Txu astoa faltako ere.
San Tomas feria izan da urte askotan, iaz Neguko Azoka, eta aurten, Olamendi Azoka izango da. Iaz arte Gabonetako oporren bezperan egiten zuten festa igande honetan ospatuko du Olamendi eskola komunitateak, guraso, irakasle eta ikasleen laguntzaz.
Azokan izango da festa, eta 11:00etan hasita, ohiko osagaiak izango ditu. Postu desberdinak ikusteko aukera izango da, eta horietako batzuetan parte hartzeko bidea ere bai. Ez dira faltako betiko taloak eta gaztaina erreak, ezta gazta nola egiten den ikasteko txokoa, edo barazkien erakusketa ere. Horiez gain, postu berri batzuk ere izango dira, besteak beste, hennarena eta tea eta pasten txokoa.
Gainera, Txu-Txu Astoa ere ibiliko da goiz osoan zehar, haurrei plazatik bidaia bereziak eskainiz.
Olamendi Azoka 14:00ak inguruan amaituko da.












