San Martin auzoko txabola eremua desagertzear dago
Udala atzo hasi zen eraikinak eraisten, espazioa berreskuratzeko eta birnaturalizatzeko. Kutsadura eta amianto fokuak ezabatuko dituzte, eta eskola bidea birgaitu ere bai.
Udalak aginduta, atzo goizean hasi ziren San Martin auzoaren eta Muru baserriaren arteko ibarrean dauden txabolak eraisteko lanak. Legazpiko espazio hori berreskuratzea eta birnaturalizatzea da helburua.
Lanak Excavaciones Francisco Javier Rodriguez S.L enpresa egiten ari da, 47.813,85 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Sei aste ditu amaitzeko.
Atzo hasitako eraiste lanak 2023an udalak hartutako «konpromisoaren parte» direla gogoratu du Eric Galvez alkateak, bertara egindako bisitan. Orduan, lursail publikoan zegoen lehen txabola eraitsi zuten, «bizikidetzari, segurtasunari eta ingurunearen osasungarritasunari eragiten zion arazo bat konpontzen hasteko asmoz». Ordutik, txabolak dauden lurren titulartasuna identifikatzeko eta esku hartze integrala planifikatzeko lanak egin dituzte.
Naturagune berriak
Proiektu honen helburua «gaur egun degradatuta dagoen eremu bat gune natural, seguru eta osasungarri bihurtzea» dela zehaztu du alkateak, «herritarrek naturaz gozatzeko eta haien ongizatea hobetzeko aukera izan dezaten». Obra hauekin kutsadura eta amianto fokuak ezabatuko dira, «bertatik igarotzen diren edo bertan bizi diren pertsonen eta animalien baldintzak hobetzeko». Gertu dagoen eskola bidea ere birgaituko dute, seguruagoa izan dadin.
Gainera, naturagune eta klima babesgune berriak sortuko dituzte, «klima aldaketaren ondorioak arintzen eta inguruko auzoetako ingurumen kalitatea hobetzen laguntzeko».
Diseinua, herritarrekin
Galvezek nabarmendu duenez, «urrats garrantzitsua da hau Legazpirentzat», eta gogoratu du urteetan zehar San Martin ibarbidea gune degradatua izan dela, eta herritarren artean kezka eragiten zuela. Lan hauekin, «etapa berri bati ekingo diogu: ingurune hau berreskuratuko dugu bere balio natural eta soziala itzultzeko, eta guztiontzako espazio segurua eta osasungarria izango dela bermatzeko».
Gainera, azpimarratu du proiektua ez dela txabolak eraistera mugatzen. «Proiektu honek birnaturalizatu, zaindu eta bizitza berria eman nahi dio legazpiar askoren eguneroko paisaiaren parte den espazio bati». Prozesu hori modu parte-hartzailean egin nahi dutela ere esan du, «bizilagunei entzunez, eta nahi dugun herria islatuko duen ingurune bat elkarrekin sortuz: berdeagoa, atseginagoa eta jasangarriagoa».
San Martin auzoko proiektu hau fase desberdinetan garatuko da, eta «naturan oinarritutako irtenbideak» izango ditu, «baita elkarlaneko eta partaidetzako ikuspegi bat ere», etorkizuneko espazio irekiaren diseinuan herritarren ekarpenak hartuko dituztelako kontuan.












