Behaketa astronomikoa egingo dute Ardanbidetan Aranzadik gidatuta
Jarduera librea eta doakoa izango da, 50 lagunentzako lekuarekin, pertsona guztiek teleskopioaren bidez eroso begiratzeko aukera izan dezaten. Izena emateko epea itxi baino lehen bete dira plaza guztiak.
Legazpiko Udalak antolatuta, behaketa astronomikoa egingo da Ardanbidetan hilaren 28an, ostirala, Aranzadi Zientzia elkarteko astronomia taldeko kideek gidatuta. “Gau horretako zeruko objekturik nabarmenenak erakutsiko dizkigute” Aranzadikoek, besteak beste, “ilargia, planetak, eta Eguzki Sistematik harago dauden beste objektu batzuk”.
Aranzadik tamaina handiko teleskopioak eramango ditu Ardanbidetara behaketa egin ahal izateko. Jarduera librea eta doakoa izango da, baina 50 lagunentzako lekua dago soilik, pertsona guztiek teleskopioaren bidez eroso begiratzeko aukera izan dezaten. Izena emateko epea agortu baino lehen bete dira plaza guztiak.
Hitzordua 18:30ean jarri dute, Ardanbidetako zelaian, baina 17:30ean elkartuko dira, Urtatzarreko tiro zelaiaren ondoan. Oinez joatea eskatu dute, Lakiola inguruan aparkatzeko toki gutxi dagoelako. Beroki eta oinetako egokiak janztea eta esku argiak eramatea gomendatu dute.













