Hobekuntzak datoz Legazpiko hilerrian
Zerbitzua mantentzeko kontratu berriaren lizitazioa jarri du martxan udalak, eta hurrengo urtean irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko ditu.
Legazpiko Udalak hilerriaren mantentze zerbitzuaren lizitazioa hasi du. Zerbitzu horren barruan, hobiratzeak, exhumazioak, instalazio komunak garbitzea eta zuhaitzak eta berdeguneak mantentzea sartzen dira. Gaur egun indarrean dagoen kontratua amaitzear da, eta zerbitzua eten ez dadin eta hilerria baldintza onenetan mantendu dadin jarri du martxan lizitazioa udalak. Horrela, jarraipena ematen dio espazio publikoak kontserbatzeko eta hobetzeko urteko plangintzari.
Informazio gehiago nahi izanez gero, interesdunek udalaren webgunean kontsulta dezakete kontratatzailearen profila: www.legazpi.eus.
Irisgarritasuna hobetzea
Bestetik, Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integrala onartu du duela gutxi Udal Gobernu Batzordeak, eta bertan hilerrirako jarduketa espezifikoak jasotzen ditu, irisgarritasun arazo handiak daudelako bertan, bereziki mugikortasun murriztua duten pertsonentzat. Ildo horretan, udalak 40.000 euro inguruko inbertsioa egingo du datorren urtean hobekuntza horien lehen fasen. Plangintza-prozesu zehatz bat dago atzean, eta herritarreb premiei erantzuteko etengabeko arreta.
Lizitazio horrekin eta aurreikusitako inbertsioarekin, Legazpiko Udalak “urrats garrantzitsua” eman du hilerri irisgarriagoa, zainduagoa eta duinagoa lortzeko.













