Sagarrekin batera, kiwiak ere bai
Jose Antonio Elosegik zabaldu egin du fruta eskaintza, eta bruselaza gehiago iritsi dira feriara.
Frutak izan dira protagonistak gaur, udazken bete-beteko eguraldiz eta haize epelez lagunduta egin den Ordiziako ferian. San Martin egunaren biharamuna da gaur, eta aurten behintzat data horrekin lotzen den uda txikirik ez da faltatu.
Soroko azken babarrunak biltzeko egun aproposak dira horrelakoak batzuen esanetan, eta Monteseko Patxi Izagirrek esan duenez, baita tipulak bezalako landareak sartzeko ere. «Ilbeheran gaude, eta eguraldi honekin, orain aldatu behar dira landareak. Gero etorri dadila negua!», esan zuen. Plaza Nagusian elkartzen diren hiru postuetan ez da horretarako generorik falta.
Kiwiak eta sagarrak
Bestela, udazkenean ere produktu berrien jarioak ez du etenik, eta gaur ere izan dira berritasunak ferian, fruten atalean bereziki. Hala, urteko lehen kiwiak iritsi dira. Gabiriakoak izan dira aurtengo lehenak, eta Jose Antonio Elosegik zituen salgai, 4 euroan kiloa. Sagar kontuetan da aditua gabiriar hau, baina fruta arbola gehiago ere badituzte baserriko lurretan, eta duela urte batzuk aldatutako kiwiak ale dezente ematen hasi direla eta, horiek ere eraman ditu feriara, saltzeko.
Baina sagarrak alboratzeko asmorik ez du, eta hori argi geratzen da bere mahaiari erreparatuta, mota desberdinez betetako kaxak dituelako ikusgai. Errezil sagarra da ugariena, baina gehiago ere baditu, eta horien artean Story eta Granny Spmith izan dira salgai jarri dituen azkenak, kiloa 3,5 euroan.
Barazkietan, berriz, azaren familiakoak dira nagusi azken asteotan, eta horren barruan bruselaza aipatu behar da. Duela aste batzuk aurkeztu zituen Monteseko Arantxa Iparragirrek, eta ordutik ez da gehiago ikusi, gaur Aramako Miren Jauregi eta Jaione Irazusta ama-alabek salgai jarri arte. Aurten gutxi omen dago. Kiloa 6 eta 8 euro artean dago.
Lore eskaintzan ere berritasunik ez da ia falta astero. Azanzak amaitu berria da hilerriko loreen kanpaina, eta postuak ohiko itxura berreskuratu du. Neguko lore koloretsuekin du beteta orain, eta horien artean bellis margarita da iritsi den azkenetakoa. 1,5 euroan du salgai.
Perretxiko eskaintza
Perretxiko eskaintza, berriz, hauxe izan da, Felix Barcinaren eta Mikel Lasaren postuetakoak batuta: 170 kilo onddo (27-40 euro), 31 kilo ziza hori (22-28 euro), 10 kilo niskalo (24 euro), eta 20na kilo mendiko angula eta saltsa perretxiko beltz (26 euro).
Eta perretxikoak asteroko kontuak diren bezala, bisitak ere bai. Gaur ere izan da bat, Irungo Txingudi ikastolako LH3ko 67 ikasleena. D’Elikatuz zentroko teknikariek lagunduta bisitatu dute azoka.
Gaztetxoak Zuhaiztitik gertu ere ibili dira. Hor ere izan dira berritasunak gaur, kardua iritsi delako. Pieza osoak ikusi dira, bakoitza 4,9 euroan. Raf motako tomatea ere iritsi da, eta kiloak 7,9 eta 8,9 euro arteko prezioa egin du.














