Beñat Olea, euskal influencer onenen artean
Bilboko SeriesLand eduki digitalen nazioarteko jaialdian sortutako sarirako izendatua izan da. Ez du lortu saria, baina "oso pozik" dago. Sare sozialen bidez zabaltzen dituen bideo laburrak egiten ditu, euskarazko hitzei buruz gehienbat.
Beñat Olea legazpiarra. Beñat Olea (Legazpi, 1987) euskal influencer onenen artean dago. Joan den asteburuan Bilbon ospatutako SeriesLand eduki digitalen nazioarteko jaialdian Euskal Edukiaren Sortzaile Onenaren sarirako izendatuta zegoen, sare sozialen bidez euskarari buruz zabaltzen dituen bideo laburrengatik.
Jaialdiaren 11. edizioa izan da aurtengoa, eta urteko influencer onenak saritzeko kategoria sortu du berritasun gisa. Beñat Olearekin batera, Alex R. Etxegibel, Ane Lindane, BocaBeats Comedia, Eleder Iglesias, Naty Penadas, Kai Nakai, Iban Garcia, Telmo Trenado eta @72 Kilos Oscar Alonso zeuden izendatuta. Saria BocaBeats Comediak irabazi zuen.
Instagrameko @btolea
Olea “benetan eskertuta” dago SeriesLand jaialdiaren izendapenagatik. “Onarpen moduko bat da duela urte eta piko sortzen hasi nintzen eduki horrentzat”. Euskarari eta euskal hitzei buruzko edukiak dira, eta @btolea instagram kontuaren bidez zabaltzen ditu. “Ia kasualitatez hasi nintzen euskararen inguruko bromak eginez, eta gustua hartu nion”, dio sortzaile legazpiarrak. “Oso gustuko dut istorioak kontatzea eta ikusleekin konektatzea, birtualki bada ere”.
Oleak 167.000 jarraitzaile ditu Instagram kontuan, eta igotzen duten edukiek oihartzun handia dute. “Oso pozik” dago, beste bide bat ere zabaldu diolako: “Jendearen erantzunak ate berriak ireki dizkit, antzerkian aritzeko aukera besteak beste”. Urte hasieratik Bartzelonan taularatzen ari diren La desmesura antzezlanaz ari da. Olea da aktore protagonistetako bat.













