Larunbaterako plana, Gizarte Zentroko dantzalekua
Hamabostean behin, dantzaleku bihurtzen da taberna, bertan afaltzeko aukerarekin. Bihar da hurrengo dantzaldia.
Buztintegi jubilatu eta pentsiodunen elkarteak eskaintzen dituen dantza klaseetako irakasleen eta ikasleen ekimenez, Gizarte Zentroko kafetegia dantzaleku bihurtzen da larunbat arratsaldetan. Inguruko beste herri batzuetan ezagutu dituzte antzeko esperientziak, eta legazpiarrei ere dantza egitea gustatzen zaienez, herrira bertara ekarri nahi izan dute.
Dantzaleku berezi hau martxan dago dagoeneko, eta saio batzuk eskaini ditu. Dantzaldiak hamabostean behin izatea da asmoa, eta hurrengoa bihar bertan izango da, 19:00etatik 21:00etara. Tarte horretan Gizarte Zentroko taberna irekita egongo da, eta dantzaren inguruan sortzen den festa giroa luzatzeko, bertan meriendatzeko eta afaltzeko aukera izango da.
Sarrera doan da, eta herritar guztiak joan daitezke dantza egitera, ez da derrigorrezkoa Buztintegiko bazkide izatea.
Ikastaro arrakastatsua
Buztintegik antolatutako dantza ikastaroa astelehen goizetan izaten da Gizarte Zentroko goiko solairuko jangelan. Felipe Trejo da irakaslea, eta astero 40 lagunetik gora elkartzen dira haren esanetara dantzak ikasteko eta dantza egiteko, «baina izena emanda 72 lagun daude», zehaztu du Trejok. Oso arrakastatsuak dira.
Ilara dantzak egiten dituzte, hau da, dantzariak lerro paralelotan antolatzen dira, eta albokoak ukitu gabe, irakasleak adierazten dituen mugimenduak eta koreografiak egiten dituzte. Ariketa
eta musikaren erritmoa uztartzen dituzte horrela.
Trejok azaldu duenez, jubilatuak Imsersorekin bidaian joaten direnean, hotel gehienetan egiten den dantza mota da ilarakoa. «Coyote, La camisa negra, Los ojos negros eta Sopa de caracol dira dantzatzen ditugun abestietako batzuk». Horiez gain, halere, askoz ere gehiago dituzte ikasita dagoeneko.
Karta jokoen ordez, dantza
Baina ikasitako hori praktikan jartzeko, dantzalekua falta zen Legazpin, eta Gizarte Zentroko tabernako arduradun berriak eman die horretarako aukera. «Beasainen egiten dituzte dantzaldiak, Ordizian ere bai… baina badirudi hemen lehentasuna izan dutela karta jokoek beti».
Orain, larunbat arratsaldetan hamabostero egingo diren dantzaldiekin, beste giro bat hartuko du tabernak, «alaiagoa izango da». Dagoeneko egin dituzte saio batzuk, eta legazpiar guztiak eta inguruko herrietako bizilagunak animatu nahi dituzte. «Ez ditugu bakarrik guk ikasitako ilara dantzak egiten, era guztietako musika jartzen dugu, eta dantza gehiago egiten ditugu, baita lotua ere, bikoteka».

Felipe Trejo eta Rafaela Caceres, dantzari eta irakasle nekaezinak
Felipe Trejok 15 urte daramatza dantza klaseak ematen Legazpiko Gizarte Zentroan, Rafaela Caceres emaztea laguntzaile duela. Buztintegi elkarteak antolatutako ikastaroa da, eta saioak astelehen goizetan izaten dira, 10:30etik 11:30era. Astearte goizetan beste talde bat du, Iratzarri elkartearen lokalean, ordutegi berdinarekin. Zumarragako gizarte zentroan ere ematen ditu klaseak, eta han hiru talde ditu, 25na kidekoak.
2010ean jubilatu zenean hasi zen ilara dantza erakusten, berak aurretik hainbat irakaslerekin ikasi eta gero. Hoteletan trebatu zen estilo horretan, baina beste batzuk ere jorratzen ditu. Hala, asteleheneko klasearen aurretik, 10:00etan hasita, sevillanak ere erakusten ditu.













