Ordizian, amorruen garrasien bilduma
Indarkeria matxisten kontrako herri aliantzak Garrasikada ekimena antolatu du. Azaroaren 25ean 18:00etan egingo dute. Bideoak grabatzeko aukera ere badago.
Ordiziako indarkeria matxisten kontrako herri aliantzako hainbat kide. Indarkeria matxisten kontrako herri aliantza josten ari dira Ordizian azken hilabeteetan Ordizia Kolore, Gaztelekua, Jakintza Ikastola, Oianguren BHI, Urrup antzerki taldea, Goierriko pentsiodunak, Emaneurre, Osiñe talde feminista, Kimetz emakume elkartea eta Ordiziako Koordinadora feminista, indarkeria matxistek hartzen dituzten izaera eta forma ezberdinen aurka. «Egunero-egunero presente dago gure ingurunean. Horregatik, argi dugu indarkeriekin amaitzeko ezinbestekoa dela gizartearen esparru ezberdinetatik elkarlanean aritzea».
Era horretan, Azaroaren 25eko [Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna] ekitaldietan parte hartzeko dei egin die Ordiziako elkarte, talde, eragile eta norbanako guztiei. Ekitaldi horietako bat Garrasikada da, herri aliantzak antolaturikoa. «Garrasia, gure barruak astintzen dituen amorrua adierazteko modua da: askatasunaren garrasia, gure identitateari ezartzen zaizkion muga guztien aurrean altxatzen dena. Kasu honetan, emakume izateagatik metatzen diren frustrazioen aurrean, ezintasunaren eta inpotentziaren zama, gure gorputzetan eta eguneroko bizitzetan pilatzen den injustizia eta indarkeriaren aurrean, entzunak izan eta gure barruak askatzeko modua da garrasia».
Ordiziako eragileen esanetan, garrasiak «nahiko!» esan nahi du: «Planto! Eta baita ere, hemen gaudela, entzunak izan nahi dugula eta ez gaudela bakarrik!». Baina aldi berean, garrasia babesa eskaintzeko modua ere bada. «Ez dugula indarkeriarik onartzen, gure onarpenik ez duela».
Minutu bateko garrasia
Era horretan, Ordiziako indarkeria matxisten kontrako herri aliantzak, Azaroaren 25eko aldarrikapenarekin bat egiteko, ekimen berri bat proposatu du: «Zaudeten tokian zaudetela», 18:00etan, minutu bateko garrasia egitea. «Ordu horretan egitea ez badatorkizue ongi, lasai asko beste momentu batean egin dezakezue». Izan ere, azaroaren 25etik harago doa ekimena: «Garrasia grabatzea ere proposatu nahi dizuegu, ondoren muntaketa bat prestatuko baitugu, ekimena denboran iraunarazteko balioko diguna».
Bideoak grabatzeko irizpideetako bat da mugikorra bertikalean jarrita grabatzea. Horrekin batera, emakumeak eta gizonak agertuko dira bideoetan. «Gogoratu borroka honetan gizonen partaidetza ezinbestekoa bada ere, emakumeen protagonismoa bermatzea garrantzitsua dela. Beraz, ez egin garrasi emakumeen oihuak zanpatuz, ez hartu ez dagokizun protagonismorik… hartu serio ekimena eta baliatu hausnarketa bultzatzeko».
Bideoak azaroaren 28a baino lehen bidali beharko dira ordiziakoordinadora@gmail.com posta elektronikora.













