Haurren hazkuntzari eta ongizateari buruzko ikerketa egingo dute Legazpin
Herriko 3 urte eta erdi eta 5 urte bitarteko umeak hartuko dituzte kontuan, eta horien familiei deituta, ikerketa aurkezteko bilera egingo dute ostegunean, Agirre-etxeberriko Izpien Txokoan.
Legazpin, 3 urte eta erdi eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familiak behar dira, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateak udalarekin elkarlanean esku artean duen proiektu baterako. Haurren hazkuntzari eta ongizateari buruzko ikerketa ari dira egiten, eta proiektua aurkezteko bilera egingo dute ostegunean, hilak 20, Agirre-Etxeberriko izpien Txokoan, 18:00etan. Haurren familiei aurkezpenera joateko gonbidapena luzatu die udaleko Hezkuntza zerbitzuak
Udal ordezkariek azaldu dutenez, ikerketaren emaitzak “baliagarriak izango dira familiei zuzendutako politika publikoak eta laguntza programak hobetzeko, eta horrela, bizitzako lehen urteetatik garapen sozio emozionala sustatzeko”. Legazpiko familien partaidetza “funtsezkoa” izango da “haurtzaroaren hazkuntza positiboa eta garapen osasungarria hobeto ulertzeko”.
Familiak proiektu hau ezagutzera eta bertan parte hartzera gonbidatu dituzte, “izan ere, osasun mentalerako inbertsiorik onena familiaren jardunbide egokia dela uste baitugu”.













