Juan Jose Gibelalde Iñurritegi enpresaria gogoratu dute brinkolarrek
Olazar baserrian duela 83 urte jaioa, Gironan hil zen azaroaren 6an. Enpresari ezaguna izan zen Espainia mailan.
Brinkolarrek Juan Jose Gibelalde Iñurritegi enpresaria gogoratu dute egun hauetan. Duela 83 urte Legazpiko auzo horretako Olazar baserrian jaioa, joan den azaroaren 6an hil zen, Gironako Bellcaire d’Emporda herrian (Katalunia).
Espainiako enpresa munduak “kontsumo handiko zuzendari historikotzat” zuen Gibelalde. Campofrio enpresa ezagunera egon zen lotuta bere jarduna urte askoan, eta enpresa horretako lehendakari orde eta kontseilari ordezkari izatera iritsi zen. Gainera, AECOC Espainiako Fabrikatzaile eta Banatzaileen Elkarteko lehendakaria ere izan zen.
Gibelalde-Iñurritegi familia Juan Josek 8 urte zituen arte egon zen Brinkolako Olazar baserrian; gero Legazpiko erdigunera joan ziren bizitzera. Juan Jose Katalunian bizi arren, ez zuen Brinkola ahaztu eta behin baino gehiagotan izan zen jaiotetxea bisitatzen.
Juan Jose Gibelalde Hine enpresako Pello Gibelalderen anaia zen. Beste bi anai-arreba zituen, Arantxa eta Jesus M. Guztiak ziren Olazar baserrikoak.

Pello Agirrezabalek utzitako argazkia, 2011koa.













