Julia Garcia Moraren lanak daude ikusgai Joan Kruz ile apaindegian
Urte amaierara arte egongo da irekita 'Segi dantzan' izeneko erakusketa. Artista madrildarraren ilustrazio bilduma bat dago ikusgai.
Julia Garcia Mora (Madrid, 1967) eta bere ilustrazioak dira Legazpiko Joan Kruz ile apaindegian ikusgai dagoen erakusketa berriaren protagonistak. Segi dantzan du izenburua erakusketak, eta azaroaren hasieratik urte amaierara arte egongo da ikusgai Kale Nagusiko lokalean.
Garcia Morak dioenez, Madriden jaio zen “eguraldi lehor eta eguzkitsuarekin, baina beti gustatu izan zait euria”. Irudizko munduak marraztea gustuko duela ere azaldu du.
Arte Ederrak ikasi zuen Unbertsitate Complutensean, eta Ilustrazioari buruzko ikasketak egin zituen Artelekun. MArrazki eta margo erakusketak egiten ditu, baita liburu, aldizkari eta publizitaterako ilustrazio lanak ere. Gaur egun obra pertsonalean dago murgilduta gehiago, eta papera edo oihal gaineko brodatua bezalako euskarriak erabiltzen ditu.
Legazpin ikusgai jarri duen Segi dantzan bilduma, bestalde, 2024an eta 2025ean zehar egin zuen Tabernetan marrazten marrazki seriearen jarraipena da, 40x50eko lanez osatutakoa. “Topaketa pertsonal bati buruz hitz egiten dute, iluntasunetik ateratzeaz edo iluntasunean babesteaz. Errepikatzen diren etxea, hodeia, mendia, ura…. bezalako elementuen bidez altxatzeaz, jariatzeaz… Irudikatutako munduak, babesleku mikromosmosak edo Kaosa sortuz dibertitzen naiz.
Garcia Morak eskerrak luzatzen dizkio Joan Kruz Fernandezekin batera erakusketa hau antolatu duen Gorka Salmeroni, “nire arbaso euskaldunekin topatzea posible egin duelako”. Madrildar hau “Legazpin bizi eta Legazpi maitatu zuen” Ignacio Agirre Montegi (1869-1942) argazkilariaren ondorengoa da, “berari esker nago hemen”.
Lagunei ere eskerrak eman dizkie, “dantza egiten duten emakume indartsu horiei”.













