Pentsiodunek "EAJren eta PSEren beste mespretxu bat" salatu dute
Asteleheneroko elkarretaratzea Ordizian egin dute gaur Goierri beheko pentsiodunek. Herri Ekimen Legegile bati (HEL) egindako "EAJren eta PSEren beste mespretxu bat salatu dute.
Goierri beheko pentsiodunak Ordizian elkartu dira gaur. Goierri beheko pentsiodunek gaur goizean Ordiziako Plaza Nagusian egin duten asteleheneroko elkarretaratzean, “EAJren eta PSEren beste mespretxu bat, Herri Ekimen Legegile bati (HEL)” salatu dute.
Pentsiodunen esanetan, “EAJk eta PSEk, PPk eta Voxek lagunduta, hilak 13an, gehiengo sindikalak aurkeztutako eta 138.495 sinadurek babestutako -LGS- Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren aldeko HELa eztabaidatzeari uko egin zioten, lehen 145.142 sinadurek abalatutako pentsiodunen HELarekin egin zuten bezala. Sinadura horietatik 3.221 Goierrin bildu genituen”.
Pentsiodunen ustez, “eskaera zilegia eta logikoa” da, “Estatuko komunitate ezberdinen artean bizitzaren kostuan dauden ezberdintasun handiak kontuan hartuta. EAJk, PSEk, PPk eta VOXek, ordea, tramitatzearen aurka bozkatu zuten. Eta gutxieneko pentsioen osagarriari buruzko Herri Ekimen Legegilearekin egin zuten bezala, uko egin zioten eztabaidatzeari ere, botoa azaltzera mugatuz. Edozein herri- ekimenekiko nagusikeria eta mespretxua erakusten duen erabakia da, demokrazia minatzeaz gain, HEL- Herri Ekimen Legegilearen legean jasotako tresna bat, hots, herritarren parte-hartzea, eztabaidatzeko nahikoa dira 10.000 sinadura, de facto, baliogabetzen baitu”.
Era horretan, salatu du “Autogobernua zabaltzeaz maiz hitz egiten duen EAJ bezalako alderdi batek, bere eztabaidarako bide parlamentarioa ixteak euskal patronalari kapotea botatzea suposatzen du. Eusko Jaurlaritzak euskal gizarteari ikusarazi nahi dio Pentsiodunen Mugimendua eta sindikatuak okertu egin direla eskaeraz eta leihatilaz. Bada, ez, EAJren helburua mugimendu sozialen goraldia eta sindikatuen borroka geldiaraztea da”.
Datuak ere eman dituzte gai horren harira: “Pentsiodunen mugimenduak aurkeztutako HELa tramitera onartu du Baleareetako Parlamentuko Mahaiak, Parlamentuak pentsioen osagarri bat onar dezan, gutxieneko soldatara iritsi arte. Gaur egun, fede-emaileak izendatzeko eta sinaduren plegua egiteko fasean daude. Era berean, Kantabrian pentsiodunen plataformek jakinarazi digute herri ekimen legegile bat prestatzen ari direla, EAEkoaren eta Balear Uharteetakoaren antzekoa, Parlamentuan aurkezteko”.
Bestalde, pasa den astean Madrilgo Diputatuen Kongresuan talde mistoak (Podemos) aurkeztutako mozio bat eztabaidatu zutela gogoratu dute: “40 urte baino gehiago kotizatu eta pentsioa zigortzen dietenei koefiziente murriztaileak kentzeko. ASJUBI40 elkarteak ia 10 urte daramatza borrokan Espainiako Estatuan eta Europan aldarrikapen historiko horren alde. Kongresuan eztabaida egiten ari zen bitartean, ASJUBI40ko kide eta jarraitzaile ugari bildu ziren haren aurrean, beren bandera eta esloganekin. Kongresuan lege izaerarik ez duen proposamena bozkatu zen. Gobernuko bi alderdiek babestu zuten, baita ERCk, Juntsek, EH Bilduk, EAJk, BNGk, Coalición Canariak, Ageda Micó Compromis taldeko diputatuak eta Jose Luis Abalos parlamentariak ere. PP eta Vox abstenitu egin ziren. ASJUBI40k gertuago ikusten du orain bere aldarrikapen historikoaren amaiera”.














