Goiekiren Ekimen Berrien sari nagusia, Siaps enpresarentzat
Berrikuntzaren saria Idiazabalgo Iparragirrerentzat izan da. Gizarte inklusioarena, Claudia Nolanen Tek Estudioa Pilates Zentroak irabazi du. Goiekik Ordizian duen egoitzan egin da sari banaketa ekitaldia.
28. Ekimen Berrien Sariketako sari banaketa.Loinaz Agirre. Goieki Garapen Agentziaren 28. Ekimen Berrien sariketako sari banaketa ekitaldia egin da gaur goizean Goiekiren egoitzan, eskualdeko enpresa, erakunde eta eragile desberdinetako ordezkariz betetako aretoan.
Goiekiren presidentea den Adur Ezenarro Ordiziako alkateak hartu du lehendabiziko hitza. Emandako datuen arabera, ekimen berriak sortzeko 73 kontsulta eta 28 bideragarritasun plan egin dira aurten Goiekiren Ekintzailetza Sailean, eta hortik 11 enpresa berri sortu dira. Guztiak, emakumeek sortuak. Bost ostalaritza enpresa dira, hiru merkataritzakoak eta beste hiru zerbitzuetakoak. 159.000 euroko inbertsioa egin da eta 13 lanpostu sortu dira.
Goiekiren Ekintzailetza Saileko Maialen Sanchezek hartu du hitza segidan. «28. lehiaketaren sari banaketa, nazioarteko ekintzailetzaren astea den honetan gure hondar alea jarrita ospatuko dugu». Izan ere, 1997. urtetik egiten den bezala, «ideia berriak, talentu berria ezagutzeko elkartu gara hemen», eta horretaz gain, «ekitaldi honekin beti balioan jarri nahi izaten dugu ekintzailetzaren balioa, bai berrikuntza, ekintzaileek egin behar izaten dituzten ahalegina eta esfortzua».
Hala ere, gaurkoan, «beste begirada bat ere ekarri» nahi izan du: «Nola mantendu hainbeste urtean enpresa bizirik. Egia da enpresa bat sortzeko ausardia handia behar dela, ideia on bat eta kapital bat. Baina enpresa batek urte askoan bizirik mantendu ahal izateko estrategia bat behar da, lidergoa eta zailtasunei aurre egiteko gaitasuna».
Enpresentzat belaunaldi erreleboa erronka garrantzitsua izango dela aurreratu du, Goierrin egin dituzten bi diagnostikoen ondorioek erakusten duten bezala: «Goiekik ere aurre egin nahi dio erronka horri». Horretarako Goiekik diagnostikoak egitearen lehenengo helburua «ezagutzea» izan. «Ezagutu zer dagoen, eta saihestea, ez egotea enpresarik bere aukera bakarra enpresa ixtea denik. Gutxienez, nonbaitera jotzeko aukera izatea, beste aukera batzuk baloratzea enpresa itxi aurretik».
Era horretan, «momentu honetan Industriatik eta Ekintzailetzatik zerbitzu bat diseinatzen ari gara bidelagun izateko. Oraintxe bertan lau enpresatan ari gara testeatzen», azpimarratu du.
75 urteko ibilbidea
Erreleboa ziurtatuta duena, Idiazabalgo Iparragirre eraikuntza enpresa da. 75 urteren ondoren, familiako hirugarren belaunaldia ardura betean ari delako. Pedro Iparragirrek Iparragirreren 75 ibilbidearen errepasoa egin du eta Patxi Albisuk, berrikuntza eta erronka berriak izan ditu hizpide.
Ekitaldiko enpresa gonbidatua izateaz gain, hiru sarietatik bigarrena jaso duena ere izan da Iparragirre eraikuntzak. Enpresan Buruturiko Proiektu Berritzaileak ataleko saria, 2.000 euro, jaso dituzte, «jarraikortasuna emateagatik eta enpresa hobetzeko berrikuntzak egiteagatik».
Siaps eta TK Estudio
Enpresa Ekimen Berrien sari nagusia, berriz, Siaps enpresarentzat izan da. Daniel Simon sustatzaileak jaso du 6.000 euroko saria: «Harrituta gaude sariarekin. Oso proiektu berria da. Batzuetan teknologia berriak zailak dira baloratzeko. Oso pozik daude. Lortekek lan garrantzitsua egin du, enpresa berri hau sortzeko eta espero dugu laguntza eta babes handia ematea, eta zerbait berria, eskualdean dauden enpresei. Teknologia oso zabala da, enpresa mota guztietan aplikatu daiteke, espero dugu laguntza handikoa izatea».
Azkenik, gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez atalari dagokion 2.000 euroko saria, Claudia Nolanen Ordiziako TK Estudio Pilates zentroak jaso du.













