Izotzari eta elurrari aurre egiteko prestatu da Legazpiko Udala
Herria zortzi gunetan banatu du, eta bakoitzean udal langileak egongo dira garbitze lanetaz arduratzeko. Gatza ontziak ere banatu ditu hainbat puntutan, eta elurra kentzeko makinak prest ditu.
Ostegunerako eta ostiralerako egin dituzten eguraldi iragarpenak direla eta, Legazpiko Udala prestatu egin da izotzari eta elurrari aurre egiteko, hainbat prebentzio neurri martxan jarrita. Udalak Elurteen eta Izozteen aurrean jarduteko Plana aktibatuko du, eta horren ondorioz, langileak eta kontratatutako enpresak zortzi lantaldetan banatuko ditu herriko hainbat gunetan.
Hala, udal langile eta lorezain bana egongo dira Laubide-Urtatzan, San Joanen, San Ignazio-San Martinen, Itxaropen-Domingo Agirre-Juanastegin eta Arantzazun, eta udal langile eta garbiketa langile bana Santikutz egoitza-Fleming kalean, behealde-erdialdean eta Bikuñan.
Garbiketa lanak eta gatza botatzeko lanei dagokienez, udalak lehentasun emango die aldapa eta maldei, eskailerei, ikastetxeei, Santikutz egoitzari, Osasun Zentroari, igogailu publikoei, trafiko bide nagusiei eta merkataritza guneei eta banketxeei.
Izotzari eta elurrari aurre egiteko, gatza botatzeko kamioia eta kitaniebesa duen Land Rover ibilgailua erabiliko ditu udalak kaleanm eta palak erantsita dituzten traktoreak Brinkolan, Telleriarten eta Lakiola eta Urtatza aldeko nekazari bideetan. Gainera, Ariztihandin, San Ignazio 37an Bodega Riojana inguruan, Domingo Agirre plazan, Santikutz 18an Txorronea ondoan eta Brinkolan gatz ontziak egongo dira, bizilagunek gatza hartu eta botatzeko.













