Maikiño, txirrindularia musika jartzaile bihurtuta
Maikiño DJ izena hartuta, parranda batean dabil txirrindulari profesional izandako Mikel Mujika. Lehian ari zenean ezagutu ezin izan zituen festak ari da ezagutzen orain musika jartzaile gisa. Oso gustuko du DJ izatea.
Maikiño Dj-arena Legazpiko eta beste hainbat herritako musika saioetako karteletan geroz eta gehiago agertzen ari den izena da. Mikel Mujika Larraiotz (Legazpi, 1998) txirrindulari ohia da izen artistiko horren atzean dagoena. Bizikleta erabat alboratu gabe, musika kontuei heldu die orain asteburuetan, eta afizio hori lantegi batean astegunetan egiten duen lanarekin partekatzen du.
Txirrindularitza profesionala utzia du Mujikak, eta kirol horrek gaztetan parrandarako kendu zion denbora berreskuratzen ari da orain tabernaz taberna edo festaz festa musika jarrita. «Jende asko harrituta dago nire alderdi hau ezagututa, lehen txirrindulari formala bezala ikusten ninduten, eta orain, musikaren kontura, parrandan», dio.
Maikiño, Portugalekin lotuta
Bizikleta «beti barruan» eramango duela dio Mujikak, eta oraindik entrenatzen jarraitzen du. Txirrindularitzan lehian 15 urte egin ditu, infantil kategorian zebilenean hasi eta iaz Portugalgo Obidos Cycling Team taldean profesional mailan ari zela amaituz. Urte bete da lehiaren mundua utzi zuela, eta horren falta sumatzen duela dio. Horregatik, datorren urtean proba batzuk egiteko asmoa du, «baina lehengo sakrifiziorik eta konpromisorik gabe», zehaztu du.
«Beti izan dut musikarekiko afizioa. Trikitixa jotzen nuen, panderoa ere bai, baxuarekin ibili nintzen, bateriarekin ere saiatu nintzen…»
«Oso ondo atera zen nire lehen saio hura, jende pila bat zegoen txosnan, eta nik jarritako musikarekin publikoak disfrutatzen zuela ikusita, oso gustura geratu nintzen»
Mikel Mujika. DJ Maikiño
Txirrindulari profesional izateko Portugalera joandako garaian lagunek jarritako izena da Maikiño. «Maik deitzen didate hemen, eta hara joateko nintzela, portugaldarrek Maikiño deituko zidatela hasi ziren esaten txantxetan!». Eta izen horrekin geratu da, musikarako behintzat.
Disko jartzaile, iaztik
Bizikletarekin Portugalera joan zen garairako hasita zegoen musika jartzen Mujika. «Beti izan dut musikarekiko afizioa. Trikitixa jotzen nuen, panderoa ere bai, baxuarekin ibili nintzen, bateriarekin ere saiatu nintzen…», eta horrela, ordenagailuan musika programa batekin saltsan hasi zen arte, etxean.
Halako batean, publiko aurrean aurkeztu zuen bere burua DJ edo disko jartzaile gisa. 2024ko uztailean izan zen, herriko San Ignazio jaietan. «Legazpiko txosnako antolakuntzan dabilen kuadrillako lagun batek esan zidan ea ausartuko nintzatekeen saninazioetan musika jartzera, eta asko pentsatu gabe, baietz esan nion». Baina aurretik emanak zituen urrats batzuk zeregin horietan, urte bereko inauterietan, hain zuzen: «Garai hartan oraindik lehiatzen nenbilen, baina inauterietan etxean nengoen, eta lagunekin batera karroza batekin atera ginen, bozgorailu eta guzti, eta han ibili nintzen musika jartzen».
Baina oraindik ez zegoen prest saltoa emateko, kirol lehia eta gaua ez direlako bateragarriak, eta musika jartzea gehienetan gaueko kontua izaten delako. Txirrindularitza profesionala utzitakoan egin duen debut ofiziala Maikiño Dj-ak beraz, iazko San Ignazio jaietan. «Oso ondo atera zen nire lehen saio hura, jende pila bat zegoen txosnan, eta nik jarritako musikarekin publikoak disfrutatzen zuela ikusita, oso gustura geratu nintzen». Ordutik, makina bat saio egin ditu, taberna, txosna eta era askotako festa eta ekitalditan.
Denetariko musika
Etxean musika prestatzen du, eta ordenagailua, «pintxatzeko mahaia edo kontroladorea» eta bozgorailuak hartuta joaten da Maikiño deitzen dioten lekura. Era askotako musika jartzen duela dio, «okasioaren arabera». Txosnatan, adibidez, reggaeton klasikoa jarri dezake, «badakidalako gauetan arrakasta izaten duela», edo dantza talde baten festa baterako, euskal musika. «Okasioak agintzen du. Goizeko 6etan, adibidez, ez nuke aurresku bat jarriko, adibidez».
Esperientziak ere laguntzen du musika aukeraketan, eta hori ez zaio falta Legazpiko disko jartzaile honi. San Ignazio jaietako debuta eta gero , toki askotan izan da musika jartzen. Jai haien ondoren Azpeitiko taberna batera hasi zen joaten, Oier Ibarguren lagunaren bitartez, lehenik, beste taberna batera gero… Legazpin ere ohikoa da Kukue tabernan (abenduaren 14an du hurrengo hitzordua), Santikutzetan txosnan izan zen, Urretxuko jaietan ere bai…
Gaueko giroaz gozatzen
Disko jartzaile izatea gustuko du Maikiñok, gazteagoa zenean, lehian ari zelako gaueko festa giroaz gutxi gozatu ahal izan zuelako, «ni ez nintzen festetara joaten lagunak bezala, Bizkaiko kostako Zapatu Azulera adibidez. Txirridulari izanda, ezin nuen parrandarik egin gauetan».
Eta Zapatu Azule diskoak jartzen ezagutu du aurten, «deitu nindutenean hara joateko, segituan esan nuen baietz, oso gustura». Horrelakoetan, lanera joaten da, baina asko disfrutatzen du, gazteagotan ezagutu ez zituen festak ezagutzen ari delako orain.
Uda partea oso mugitua izan du lan aldetik Maikiñok, eta oraindik ere ia astebururo du plana. Hurrengo urteari begira jarrita dago, eta musika jartzen jarraitzeko asmoa du, nahiz eta lanbide hau lantegian astegunetan egiten duen lanarekin bateratu behar duen.
Agenda irekita du, eta kontratazioetarako @maikino_dj instagram kontua du.













