Ogietan ere badago zer erosi
Ordiziako feria barazkiak, perretxikoak, gazta eta landareak baino askoz ere gehiago da. Ogia da erosi daitekeen beste produktu bat, eta ugari eta askotarikoa dago.
Donostiako Uliako Labea, Aldabako Aldaba Zahar eta Legazpiko Udanako Maite Iturbe. Hiru postu, hiru okin, eta ogia erosteko aukera zabala. Ordiziako feria barazkiak, frutak, landareak, perretxikoak eta gazta baino askoz ere gehiago da, eta ogia da bertan erosi daitekeen produktuetako bat, eztia, arrautzak, gozoak, ozpinetakoak edo bakailaoa bezala.
Hiru okinen postuak zein baino zein erakargarriago dira, sabelkeria pizteraino ia. Tamaina, forma eta osagai aldetik aukera zabala dago hiruetan. Ekologikoak dira batzuk, eta ekologikoak izan gabe modu tradizionalean egindakoak besteak. Irin eginda, betiko gari zuria eta integrala, galzuria, kamuta, espelta, zekalea edo artoa dira osagai nagusiak, eta mahats pasak, girasol pipak, intxaurrak, kuiak, kuiatxoak, era askotako haziak, eta algarroba osagarrietako batzuk. Eta ogia da moldekoa, barrakoa, forma tradizionalekoa edo opiltxoa. Glutenik gabea ere badago, txorizoz betea ere bai, baita zopakoa ere.
Horrelako aukera zabalarekin, zaila da asteazken goizean Plaza Nagusitik ogirik gabe irtetea. Edo gozorik gabe, okinek pastak, magdalenak eta galletak ere saltzen dituztelako.
Berritasun gutxi batzuk
Okinez gain, Zurutuza ahizpek ere saltzen dituzte galletak, baina bereziak, azukrerik eta edulkoratzailerik ez dutelako, gozoak izan arren. Almendra eta espeltarekin egindakoak dira batzuk, eta almendrarekin eta sarrazenoarekin besteak. Ehun gramoko paketeak 2,5 euroan saltzen dituzte.
Berritasuna izan dira galleta horiek gaur, baita Natalia Magallenesen kale aza lisoa edo cavolo nero (sorta 2 euroan), eta mizuna berdea eta mizuna erraldoia ere (sorta 1,8 euroan). Mizuna ziape mota bat da, eta gordinik entsaladan edo egosita jan daiteke.
Kardu perretxikoa ere berria zen gaur. Barcinak zituen 4 kilo, 22 euroan. Bestela, hau izan da perretxiko eskaintza: 160 kilo onddo (16-40 euro), 24 kilo mendiko angula (18-26 euro), 5 kilo niskalo (19 euro), 8 kilo saltsa perretxiko beltz (26 euro), 25 kilo ziza hori (28 euro), eta 8 kilo gorringo (14-30 euro).
Kanpoko produktuetan ere izan da gaur berritasunik, urteko lehen ilarrak iritsi direlako, Espainiako Almeria ingurutik. Kiloa 7,95 euroan zuten salgai Zuhaiztiko fruta saltzaileek.
Bisita ugari
Gaur goizean, azkenik, makina bat bisita jaso ditu Ordiziako feriak, D’Elikatuz zentroaren bitartez. Batetik, Ingalaterra, Frantzia, Danimarka eta Estatu Batuetako hainbat turismo teknikari izan dira, turismo irisgarrian adituak denak. Turismo teknikari gehiago ere ibili dira ferian, Bizkaiko Enkarterrietakoak horiek. Eta Basque Culinary Centerreko ikasle batzuk ere izan dira.
Goierriko gaztetxoek ere izan dute feria gertuagotik ezagutzeko aukera. Gaur Beasaingo Lizeoko DBH-1ko ia 40 ikasle izan dira Ordizian.



















