Suitzatik Ordiziara dator jazz garaikidea
Mohs taldeak lehenengo aldiz joko du Euskal Herrian, etzi D’elikatuzen. Jazz garaikidea, elektronika eta musika inprobisatua egiten dute suitzarrek.
Suitzako Mohs taldea. Arama Jazz Elkarteak antolatuta, goi mailako jazz musikaz gozatzeko aukera izango da ostiralean Ordiziako D’elikatuz zentroan 21:30ean, Suitzako Mohs taldearekin. Antolatzaileen esanetan, Mohs taldea «Europako jazzaren bihotzean kokatu da, kritika eta publikoaren arreta bereganatu duten agerpen nabarmentsu eta bi disko liluragarriren bidez».
Laukote suitzarrak hirugarren lana kaleratu du 2025ean, Baïne izenarekin. «Bere heldutasun artistikoa eta soinu-paisaia zehatz eta iradokorrak sortzeko gaitasuna berretsi dute». Taldearen Zacharie Ksyk tronpeta-jotzaileak eta Erwan Valazza gitarra-jotzaileak sortu zuten taldea, eta Gaspard Colin baxu-jotzailea eta Nathan Vandenbulcke bateria-jotzailea batu zitzaizkien ondoren.
Ordutik, Mohs-ek «bere hizkuntza propioa garatu» duela esan daiteke: «Zorroztasuna eta askatasuna, esperimentazioa eta lirismoa, emozioaren eta egituraren arteko oreka etengabearen bila».
«Soinu-unibertso bat»
Estiloari dagokionean, «jazz garaikidea, elektronika eta musika inprobisatua uztartzen ditu modu dotorean, folkaren eta minimalismo errepikakorraren eraginpean». Gainera, euren konposizioetan tresna akustikoak eta efektu elektronikoak nahasten dira, «soinu-unibertso bat sortuz non delikatezia melodiatsua eta erritmo-energia, barne-miraketa eta hedapena elkarrekin bizi diren».
Azkenean, emaitza «arnasa hartzen duen musika da: interpretazio bakoitzean hazten eta aldatzen den musika, entzulea berezko fluxu batean murgiltzera gonbidatzen duena». Goierriko Jazzaldiaren barruan, Ordizian emango duten kontzertua mugarri berezia izango da haien ibilbidean: «Izan ere, lehen aldiz joko dute Euskal Herrian. Espainiar estatuan ere ez du jo Mohs taldeak». Beraz, aukera paregabea izango da Europako jazz garaikideko proposamen original, sentikor eta itxaropentsuenetako bat zuzenean ezagutzeko.













