Zerua lapurtu diete Legazpin Porrotx, Mari Motots eta lagunei
Urtero bezala, lan berri bat estreinatu aurretik legazpiar txikienei erakustera etorri dira. Bi emanaldi egin dituzte Latxartegi aretoan, aurten Aranzadi Zientzia Elkarteko kide baten laguntzarekin.
Porrotx eta Marimotots eta Pupu eta Lore pailazo ezagunek ez diote hutsik egin aurten ere urteroko Legazpiko hitzorduari. Katxiporretako lagun talde handiak inguratuta, gaur izan dira Latxartegi aretoan herriko ikasle gaztetxoenei prestatu duten azken ikuskizuna aurkezten. Ohi bezala, bi saio egin ditzute Legazpiko umeen aurrean.
Zerua lapurtu dute du izenburua lan berriak, eta bihar egingo duten estreinaldi ofizialaren ondoren, hainbat eta hainbat txokotan taularatuko dute.
Iazko azaroan argitaratutako izen bereko ipuin eta disko ilustratuetan dago oinarrituta ikuskizun hori. Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean sortutako ipuinak argi kutsadura, pantailen erabilera eta natura zaintzearen garrantzia modu dinamiko eta erakargarrian azaleratzea du helburu. Katxiporretak eta Aranzadik zerualapurtudute.aranzadi.eus webgunea sortu dute, helburu horren lorpenean laguntzeko.
Birtxi farozaina
Ikuskizun berri honetan Birtxi farozaina izango da pailazoen ondoan taulatuan. Virginia Garcia Aranzadiko astronomia saileko dibulgatzaileak eman dio arima pertsonaiari.
Birtxiren laguntzaz zeruko sekretuak deskubrituko dituzte sudur gorriek. Guztiek elkarrekin biziko dituzten abenturak abesti eta dantza berriekin tartekatuko dituzte saioan zehar.
Zerua lapurtu dute lanean Joxemari Agirretxe Kerexeta Porrotx, Mertxe Rodriguez Serrano Marimotots, Izaskun Forcada Pascual Pupu, Joanes Echeveste Bernet Lore eta Oihana Sanchez Artieda Birtxi igoko dira taulatura.














