CAFek 500 milioiko kontratu historikoa lortu du Brasilen
107 tren elektrikoren mantentze integrala hartuko du bere gain, 24 urtez.
CAFek kontratu estrategiko berri bat sinatu du Trivia Trens SA enpresarekin (Brasilgo Comporte taldekoa) Sao Paulo estatuko 11-Coral, 12-Safira eta 13-Jade aldiriko lineetan zerbitzua ematen duten 107 tren elektrikoen mantentze integrala egiteko. Zerbitzu horiek 2026ko uztailean abiaraziko dira. Hitzarmenak 24 urteko iraupena izango du eta 500 milioi euro inguruko balioa izango du, CAFek orain arte lortutako kontratu handienetako bat delarik, Brasilen tren-zerbitzuetan duen lidergoa sendotuz.
Kontratuaren barruan sartzen dira CAFek fabrikatutako unitateen mantentze integralak eta tren-flota LeadMind plataforma digitalarekin hornitzea. Plataforma hori tren trenen errendimendua maximizatzeko garatuta dago, parametrorik garrantzitsuenak denbora errealean monitorizatzeko, mantentze prediktiboko adierazleak aplikatzeko eta esku-hartzeen plangintza optimizatzeko. Horrela, tren-unitateak eskuragarriago eta fidagarriago bihurtzen dira operazioan.
Zerbitzua emango duten hiru lineek 100 kilometro baino gehiagoko trenbide sarean jarduten dute eta egunean 800.000 pertsona ingururi ematen diete zerbitzua Sao Paulo, Guarulhos, mogi das Cruzes, Poa, Suzano, Ferraz de Vasconcelos eta Itaquaquecetuba hirietan, besteak beste. Mantentze integralak, zerbitzuaren eraginkortasuna segurtasuna eta fidagarritasuna hobetuko ditu metropoli eskualdeko milioika erabiltzaileentzat.
CAFek kontratu honekin mugarria lortu du Brasilen eta bidaiarientzako ibilgailuen mantentze lanetako enpresa nagusi gisa duen posizioa berresten du. CAF 1998 urtetik ari da lanean Brasilen, eta ordutik proiektu ugari garatu ditu CPTM Sao Paulo, Metro de Sapaulo, CBTU Recife eta Belo Horizonte eta TRENSURB Porto Alegre operadoreentzat, guztira 3.000 milioi eurotik gorako balioarekin.
Negozioaren hazkundea
Gainera, kontratu berriak CAFen zerbitzuen negozioaren hazkundea indartzen du. Negozio honek gaur egun 20 herrialdetan 150 kontratu baino gehiago kudeatzen ditu, 12.000 kotxe ingururen mantentze-lanak egiten ditu eta 4.000 profesionaletik gora biltzen ditu. Azken hilabeteetan kontratu esanguratsuak sinatu dira mundu osoan: Northern (Erresuma Batua), Trieste eta Sardinia (Italia), Metro Quito, Metro Medellin, Brasilgo aldiriko eta metro sareetako operadoreak, baita Houstoneko tranbia eta Aucklandeko aldiriko trenak ere.













