Eraikuntzaren Industrializazio Zentroa aurkeztu du Iparragirre enpresak
Duela bizpahiru hilabete martxan jarri bazuten ere, gaur aurkeztu dute zentroa. Eusko Jaurlaritzako, udaleko, enpresako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak izan dira zentroa ezagutzen.
Idiazabalgo Udaleko, Iparragirreko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Build Inn-eko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, gaur eguerdian Idiazabalen. Laida Goiburu Iparragirre Eraikuntzak SL enpresak Idiazabalen bertan martxan jarri duen EIZ Eraikuntzaren Industrializazio Zentroa aurkeztu du gaur, 75. urteurrenaren ospakizunei amaiera emanez. Enpresak jakitera eman duenez, zentroaren helburua proiektuak modu eraginkorrean planifikatzea, exekuzio-denborak laburtzea eta eraikuntzen kalitatea hobetzea da. “Azpiegitura berriak jauzi kualitatibo garrantzitsua dakar bai Goierrirentzat bai Gipuzkoa osoarentzat, eta eraikuntza industrializatu, digitalizatu eta jasangarriaren aldeko apustua berresten du”. Kale Nagusiko 48 zenbakiko bulegoaren ondoan dago zentro berria.
Helburuak betetzeko, BIM modelazioa, 3D eskanerrak, droneak eta fabrikazio modularra bezalako teknologia aurreratuak integratu dituzte, “planifikazio zehatzagoa eta akats gutxiago bermatuz eta ingurumen inpaktua nabarmen murriztuz”. Duela bizpahiru hilabete martxan jarri bazuten ere, gaur egin dute inaugurazio ofiziala.
Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua, Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkatea, Marta Epelde Build Inn klusterreko zuzendari nagusia eta Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta Goiekiko presidentea. Euria ari zuenez, karpa bat egokitu dute zentroaren parean, eta bertan hasi da ekitaldia, Iparragirreko, aldundiko, udaleko, klusterreko eta Jaurlaritzako ordezkarien hitzartzeekin.
Iparragirreko zuzendari Patxi Albisuk nabarmendu du zentroa “ez dela instalazio berri” bat: “Gure lan egiteko modua errotik aldatuko duen tresna estrategikoa da. 75 urteko esperientzia teknologia digital aurreratuekin uztartzen dituen espazioa da, eta gure etorkizuneko zutabe nagusietako bat izango da”. Proiektuak 350.000 euro baino gehiagoko inbertsioa jaso du azpiegituretan, ekipamendu teknologikoan eta langileen prestakuntza espezializatuan.
“Gure lan egiteko modua errotik aldatuko duen tresna estrategikoa da. 75 urteko esperientzia teknologia digital aurreratuekin uztartzen dituen espazioa da, eta gure etorkizuneko zutabe nagusietako bat izango da”
Patxi Albisu. Iparragirre Eraikuntza Lanetako zuzendaria
Zentroak “tokiko industria sarea indartu” duela azpimarratu dute, “EFZ Egiturak eta Txirbil bezalako enpresekin lankidetzan”. Proiektuak Build Inn klusterraren laguntza teknikoa du. Goiekiren babesa ere jaso du, eta aldundiak diruz lagundu du proiektua lurraldeko enpresa sarea indartzeko programaren barruan. Ildo horretatik, Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak Idiazabalen horrelako azpiegitura bat izatearen garrantzia azpimarratu du ekitaldian: “Idiazabal betidanik nekazal herri bat izan da, eta bere izena munduan oso famatua da gaztagatik, baina izenak bakarrik ez du herria egiten. Idiazabal eredugarri izan da industria sarea eta ongizate maila lortzeko gai izan ziren herritar askoren joari esker, eta hori ere bada komunitatea”. Iparragirrek garaietara eta teknologia berrietara egokitzeko duen gaitasuna goratu du alkateak: “75 urte, eta beste 75 urte iraungo ditu Iparragirrek horrela”. Azkenik, udalaren esker ona aitortu nahi izan du, zentroa Idiazabalen bertan martxan jartzeagatik eta horretarako erakutsitako prestasunagatik: “Idiazabalentzat luxu bat delako Iparragirre taldeak Idiazabalekiko duen errotze maila”.
Unai Andueza diputatuak horrelako proiektuak “etorkizuneko ekonomiaren aldeko apustua” direla adierazi du bere hitzartzean, eta industrializazioa aukera bat izatetik harago “behar estrategikoa” dela nabarmendu du. “Gipuzkoak behar ditu horrelako espazioak, berrikuntza, digitalizazioan eta jasangarritasunean oinarritutako industria sendo baten oinarriak indartzen dituztenak”. Albisuk gehitu du Gipuzkoa dela Iparragirreren lan eremua oinarrian.
“Gipuzkoak behar ditu horrelako espazioak, berrikuntza, digitalizazioan eta jasangarritasunean oinarritutako industria sendo baten oinarriak indartzen dituztenak”
Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua
Denis Itxaso sailburuak hartu du hitza azkenik, eta zentroak etxebizitza politikan izango duen eraginaz aritu da. “Zentro honek erakusten du eskala handiagora zabaldu daitekeela eta kalitate handiagoko etxebizitzak epe laburragoetan eraiki ditzakegula. Eredu hau da etxebizitza politika modernoak behar duen norabidea”.
Hitzaldien ondoren, zentroa eta bertan dauden teknologietako batzuk ezagutzeko aukera izan dute bertaratuek.













