Ormaiztegiarren astebururik eleganteena
San Andres jaiei hasiera emango diete bihar. Elegante eguna eta Odolki eguna, jaiak hasteko.
XIX. mendeko eleganteen bilkura, iaz Ormaiztegiko San Andres jaietan.Angel Elorza San Andres jaietako lehendabizikoa, Ormaiztegiarren astebururik eleganteena izan ohi da. XIX. mendeko jantziak soinean, jada desagertuta dagoen bainuetxea eta hark Ormaiztegira ekarri zituen luxua eta bizitzeko modua gogora ekarriko dituzte, beste behin, larunbatean. Odolki egunak borobilduko du jaietako lehendabiziko asteburua igandean, 38. Odolki lehiaketarekin, besteren artean.
Baina aurretik ere, ez da ekitaldirik faltako eta gaurtik hasiko dira jaietako motorrak berotzen. Goizean zehar eta arratsaldean, Ezkurdia ostatuko pastak egingo dituzte Basotxulo elkartean, belaunaldi arteko saio batean. Iaz antolatu zuen ekimena lehenengo aldiz Zumalakarregi museoak, XX. mendean zehar Ormaiztegin hain garrantzitsua izan zen negozioa gogora ekarri eta balioan jartzeko. Egindako pastak, Elegante eguneko txokolate dastaketan probatzeko aukera izango da doan.
Gaur arratsaldean, Tximeleta haurrentzako ipuin kontaketa ere badago antolatuta. 2 eta 10 urte arteko haurrei zuzenduta dago eta 17:00etan izango da, liburutegian.
San Andres jaien hasiera ofiziala, bihar arratsaldean izango da. Txupinazoaren aurretik, Ormaiztegi Show ikuskizuna eskainiko dute urtero bezala, San Andres herri eskolako haurrek, Zubipen, 16:30ean. Ikuskizuna amaituta, Triki txarangarekin kalejira izango da Zubipetik abiatuta eta 19:00etan, 2024an jaiotako haurrei ongi etorri egingo diete udaletxeko atarian. Ondoren, txupinazoa eta jaien hasierako pregoia izango dira, aurten, Urmaiz abesbatzaren eskutik. Alazne Ezkurdia lehendakariak aitortu duenez, «sorpresaz» jaso dute udalaren proposamena. Urte berezia da hau abesbatzarentzat, 25. urteurrena bete baitu aurten. «Harro eta gustura» daude jaiei hasiera emateko ardurarekin eta pregoiarekin batera «bi bertso» ere abestuko dituzte herritarrekin batera. Ez dute jaietarako «kontzertu berezirik» antolatu, baina San Andres eguneko meza nagusian parte hartuko dute.
Bihar, azpimarratzeko ekintzen artean, Ormaiztegiko Harrikalariak gazte asanbladak antolatutako futbito txapelketako finalak ere jokatuko dituzte, Hizto eta Txarkiurik 40 taldeen artean.
Eleganteen biltzarra
Larunbatean, Eleganteen eguna izango da. Ohiko paseo elegantearekin emango diote hasiera egunari, 12:30ean Zumakalarregi museotik abiatuta. Paseoa garai bateko bainuetxea zegoen oruberaino egingo dute, Jundajo txarangak lagunduta. Zumalakarregi museoak sustatutako ekimen honek, «herriko memoria historikoa berreskuratu eta balioan jartzea» ditu helburu, «giro herrikoi eta ludiko batean».
Elegante egunarekin batera, odolkia ere San Andres jaietako protagonista nagusietako bat izaten da urtero. Aurten, jaietako lehendabiziko asteburuarekin egokitu da Odolki eguna, azaroaren 23an. Besteren artean, 38. Odolki lehiaketan, 27. odolki osagaien lehiaketa eta plateren 23. sukaldaritza lehiaketa jokatuko dituzte igandean.
Lehenengoa, 1986an
Ormaiztegiko lehenengo odolki lehiaketa 1986an ospatu zuten, Barduliarrak elkartearen ekimenez. Lan horretan jarraitu zuten lehiaketa elkartetik herriko plazara atera zen arte. Tartean, Baso Txulo elkarteak ere antolatu zuen. Epaimahaia sukaldari eta sukaldaritza alorreko kritiko ezagunek osatzen dute eta 2017tik, San Migel jaietako patata tortilla txapelketako bikote irabazleak ere bere lekua izan ohi du bertan. Zaldibiako Beko Karnizerie izan zen iazko irabazlea.
Odolki osagaien lehiaketarako osagaiak 11:00etatik 12:00etara aurkeztu beharko dira plazan: lau dozena porru, bost kilo tipula eta oreganoa eta tipula sortetan. Bi sari banatzen dituzte, produktu onenari bat eta postu onenari bestea. Iaz, Mutiloako Juanita Murgiondorentzat izan zen porru, perrexil eta oregano onenaren saria eta Itsasoko Maria Jesus Oriarentzat Tipula eta posturik onenarenak.
Sukaldaritza lehiaketa, aldiz, ormaiztegiarren artean jokatzen da eta aurkeztutako platerak Ormaiztegiko odolkia osagaien artean izatea derrigorrezkoa da. Juan Jose Lapitz saria emango zaio plater onenaren jabeari; iaz Jesus Lerma izan zen irabazlea.
San Andres jaietako egitaraua osorik ikusteko sakatu hemen.













