CAF taldeko langileek diru bilketa egingo dute Palestinaren alde
Eguberrietara bitarte egin ahal izango dute diru ekarpena, eta laguntza Salam Gaza erakundeak bideratuko du. Dirua Gazan ur-edangarria banatzeko erabiliko dute.
CAFeko enpresa batzordeko kideak eta Salam Gaza erakundeko lehendakari Ola Arafat, gaur eguerdian, bilketa kanpainaren berri ematen. Iñaki Gurrutxaga CAFeko enpresa batzordeak –LAB, ELA, ESK, CCOO eta UGT– agerraldia egin du gaur goizean enpresa atarian Palestinako herriari elkartasuna adierazteko abiatu duen elkartasun kanpainaren berri emateko. Eguberrietara bitarte egingo duten diru-bilketan parte hartzeko deia egin diete CAF taldeko langile guztiei. Salam Gaza erakundeak kudeatuko du jasotako laguntza, eta Gazan ur-edangarrian banatzeko erabiliko dute. CAFeko komiteko kideez gain, erakunde horretako presidente Ola Arafatek hartu du parte prentsaurrekoan.
Enpresako batzordeko LABeko eta ELAko ordezkari banak hartu dute hitza, lehenak euskaraz eta bigarrenak gazteleraz. Nabarmendu dute Palestinan bizi den egoerak “oraindik ere kezkatzen” dituela. “Nazioarteko komunitatearen borondate faltak eta interes desberdinek ez dute inolaz ere bultzatzen Palestinako herriarentzako irtenbide politiko integral eta iraunkorrik”.
Sindikatuen esanetan Israelek “bere kolonizazio politikarekin jarraitzen” du, eta nabarmendu dute, “zoritxarrez”, Gaza eta Zisjordaniako egoerak ez duela jada prentsa titularrik betetzen eta “bigarren plano batera pasatzen hasia” dela.
Palestinako herriari babesa eta elkartasuna
Komiteko kideek adierazi dute CAFek “estatu sionistarekin merkataritza-harremanak mantentzen” dituela –” beste ehunka enpresak bezala”–, eta horrek erantzukizuna “administrazio eta patronal desberdinena” dela. “Langileoi dagokigu harreman komertzial horiek ez normalizatzen jarraitzea, eta Palestinako herriari gure babesa eta elkartasuna erakusten jarraitzea”.
Hori dela eta, CAF taldeko bederatzi enpresa batzordek (CAF Beasain, CAF Irun, CAF Power and Automation, Trenasa, CAF Signalling Donostia, CAF Signalling Amorebieta, Rail Line, CAF TE tailerrak eta Geminys) “berriro ere” deia egin diete taldeko langileek Palestinarekin “keinu solidario bat” egiteko. “Oraingoan, Salam Gaza erakundearekin elkarlanean, diru-bilketa bat bultzatuko dugu ur-edangarria lortzeko. Ur hori Gazara bideratuko da zuzenean”.
“Palestinaz hitz egiten jarraitzea bultzatu nahi dugu. Ezin dugu ahaztu herri horren egoera”
CAFeko enpresa batzordeak
CAF taldeko langileek Eguberrietara bitarte egin dezakete ekarpena. “Beren aletxo –kasu honetan ur-tanta– jartzeko deia egin diegu langileei. Keinu honekin, ekintza humanitario praktiko bat egiteaz gain, CAF inguratzen duen erreferentzialtasun eta oihartzun mediatikotik, Palestinaz hitz egiten jarraitzea bultzatu nahi dugu. Ezin dugu ahaztu herri horren egoera”.
“Zuen laguntza ez da dohaintza soila: giza keinu bat da”
Salam Gaza elkartearen izenean Ola Arafat lehendakariak “bihotz-bihotzez eskerrak” eman dizkie CAFeko enpresa batzordeei eta haiek osatzen dituzten sindikatuei. “Zuen laguntza ez da dohaintza soila: giza keinu bat da, Gazan bizitzak eusten dituena. Eskaintzen duzuen euro bakoitza hilabeteetan ezinezkoari eusten ari diren familientzako ur eta elikagai bihurtzen dira”.
Arafatek adierazi du Gazako bost GKErekin elkarlanean ari direla “hondakinen artean geratzen den apurra” banatzen. “Haiek esker, zuen elkartasuna zuzenean iritsiko zaio behar duenari, bitartekaririk gabe”. Gogoratu du duela aste batzuk akordio bat sinatu zutela Gazan ur-edangarria egiteko gai den enpresa bakarrarekin. “Horri esker, 600.000 litro ur banatu ahal izango ditugu bi hilabetez. Horretan pentsatzen dudanean, ez dut zifra batean pentsatzen, baizik eta zuenaren moduko keinuei esker egun bat gehiagoz ura edan ahal izango duten milaka pertsonengan”.
Gardentasun dokumentatua
Salam Gazako kideak “balio izugarria” eman nahi izan dio lan egiteko moduari, “gure gardentasunari”. “Egiten dugun banaketa bakoitza datarekin, bideoekin eta testigantzekin dokumentatzen da. Ez dago ezkutatzeko ezer. Laguntzen digun pertsona bakoitzak zehazki jakin dezala nahi dugu zer egiten den bere ekarpenarekin, konfiantzak ere elikatzen duelako. Lan egiteko modu hori da aldea markatzen duena: Gazara ez dugu laguntza bakarrik eramaten, duintasuna eta egia baizik”.
“Ekarpen bakoitzak balio du, ur tanta bakoitzak balio du, elkartasun keinu bakoitzak balio du”
Ola Arafat. Salam Gaza elkarteko presidentea
CAFeko langileek elkartasunak “pisu politiko eta sinboliko izugarria” duela nabarmendu du: “CAFeko zuzendaritzak Israelekin kolaboratzen duen bitartean, eta Nazio Batuen Erakundearen arabera, legez kanpoko kokalekuak sendotzen duen proiektu batean, zuek, langileok, justiziaren eta bizitzaren alde egitea erabakitzen duzue. Keinu horrek zuen gizatasuna nabarmentzen du, edozein diskurtsorik harago”.
Herrien arteko zubi
Salam Gaza Nafarroa “herrien arteko zubi” izateko sortu zela aipatu du, “haritzaren lurraren eta olibondoren lurraren arteko zubi, lagundu nahi dutenen eta zutik jarraitu behar dutenen arteko zubi”. Adierazi du Gazan bere etxeari eusten dion pertsonak dauden bitartean, haiek bertan egongo direla, “laguntzen, eusten, bizitzeko eskubidea itzal ez dadin laguntzen”.
Gainontzeko enpresetako komiteei, sindikatuei eta herritarrei “bizitza-kate” honen parte izateko deialdia egin die: “Ekarpen bakoitzak balio du, ur tanta bakoitzak balio du, elkartasun keinu bakoitzak balio du”. Arafatek “Gora Palestina” oihukatuz bukatu du bere hitzartzea.














