Idiazabalgo goiko ‘barrioa’
Gurutze Berri auzoak 60 urte bete ditu aurten. Urteurrena baliatuz, auzoaren historia eta memoria gordetzeko helburuz erakusketa antolatu du Idiazabalgo Udalak hainbat auzotarrekin elkarlanean. Erakusketa gaur, 18:30ean inauguratuko da udaletxeko areto nagusian.
Gurutze Berri auzoa 1967ko abuztuaren 14an.Xabier Urteagak utzia Orain 60 urteko Idiazabalen, herrian etxebizitza bat eskuratzea gaur egun bezain arazo handia zen. Ausartak izan ziren orduko bizilagunak; kooperatiba batean elkartu eta ezerezetik Gurutze Berri auzoa sortu zuten 36 familiek. Idiazabalgo historiaren zati garrantzitsua da Gurutze Berri auzoarena eta sortu zela 60 urte bete diren honetan, auzoko memoria jaso eta gordetzeko helburuarekin, erakusketa bat antolatu dute udalak eta auzotarrek elkarlanean. Erakusketa gaur, 18:30ean irekiko dute udaletxeko areto nagusian, Gurutze Berri 1965-2025 izenburupean. Erakusketaren osagarri, saio ireki bat ere egingo dute azaroaren 26an, 19:30ean Guraso elkartean, auzotarren ekarpenak jasotzeko helburuarekin.
Xabi Urteaga 1972an jaio zen Gurutze Berri auzoan. Bere gurasoak kooperatiba sortu eta auzoaren sorrera hauspotu zutenetako batzuk izan ziren. Baina auzoaren oinarriak aurretik hasi ziren jartzen. «60. hamarkada hasieran Guraso elkartea sortu zuten Idiazabalgo hainbat gaztek, Goierrin aurretik sortuta zeuden —Beasainen eta Ordizian esaterako— hainbat oinarri hartuta. Bildu eta herrian zeunden beharrak aztertzen zituzten elkartean. Jasotako dokumentuetan nabarmentzen denez bi ziren behar nagusiak garai hartan: etxebizitza eta ekitaldiak egiteko areto eta lokal bat», azaldu du Urteagak.
Auzotarren kooperatiba
Goierriko beste leku batzuetan egin zenaren haritik, Guraso elkartetik etxebizitza berriak eraikitzeko kooperatiba bat sortu zuten gero, Cooperativa comarcal de viviendas de los padres de familia izenburupean. «Juridikoki Goierri mailako kooperatiba baten babesean sortu zuten Idiazabalgoa», zehaztu du Urteagak. Bi lur jaberen lur sail bana erosi zituzten gero, «hasiera batean bakarra erosi zuten, baina gero jende gehiago batu zen kooperatibara eta bigarrena erosi zuten, bata bestearen ondoan». 1965ean amaitu zituzten 36 etxebizitzak, sei bloketan banatuta, «zazpigarren bat badago, baina gerora eraiki zen eraikuntza enpresa baten ekimenez, 1972an». Etxebizitza bloke horietako baten baxuan sortu zuten ekitaldietarako Guraso elkartea izeneko aretoa ere, garai hartan.
Errenta mugatuko etxebizitzak ziren Gurutze Berrin sortutako haiek. Diktadurapeko garaia zen oraindik eta garaiko Etxebizitza Ministerioak bazuen errenta mugatuko etxebizitza figura hori. «Formula horretan sartu ziren garaiko kooperatibetako eraikuntzak eta laguntzaren bat ere jaso zutenez, urtetan sinbologia frankistadun kartelak egon ziren jarrita atarietan», dio Urteagak. Gainontzean, etxebizitza «sinpleak» ziren, 70 metro koadrokoak, guztiak berdinak. Auzo gaztea zen eta haurrentzako parke bat ere eraiki zuten, zabu eta txirrita batekin, «Sabadellen erosita ekarri zuten. Idiazabalgo lehenengo haur parkea izan zen eta arrakasta handia izan zuen».
Auzoak, orain bi urte hasi zituzten modernizazio obrak egin arte, baratzak ere izan ditu, «soberan geratu ziren lursailak bizilagunen artean zozketatu zituzten». Gurutze Berrik beti izan du auzo kontzientzia eta garai hartan herria nabarmenki zegoen zatituta «goiko eta beko barrioen» artean. N-1 errepidea herriaren erditik pasatzen zen eta horrek ere, izan zuen zerikusirik banaketa horretan. 60 urteren buruan, gaur arte mantendu du Gurutze Berrik auzo izaera hori, «sortzaileetako asko falta dira, baina oraindik ere hasierako jende asko bizi da auzoan. Azken urteetan etxe batzuk saldu dira eta jende berria etorri da», dio Urteagak.
Memoria jasotzeko
Urteurrena baliatuta, auzoaren historia jasotzen duen erakusketa bat antolatu du udalak hainbat bizilagunekin elkarlanean. Iñaki Arriaran udaleko komunikazio arduradunak azaldu duenez, uda aurretik hasi ziren lanean. Herritarrei deia egin zitzaien orduan, auzoari buruz etxean zituzten dokumentu eta argazki zaharrak uzteko. «Helburu nagusia herriaren historiaren parte den auzoaren memoria jasota geratzea da», nabarmendu du Arriaranek. Bide batez, balioan ere jarri nahi dute garai hartako bizilagunek etxebizitzarena bezalako arazo bati «modu kreatibo batean» eman zioten erantzunari.
Bizilagunen zein udaletxeko artxiboetan aurkitutako dokumentazioaz gain, auzoaren garaiko itxura eta bizimodua jasotzen dituen argazkiak ere jarriko dituzte ikusgai. Guraso elkartea izeneko aretoak ere izango du bere partea, «60 urtetan denetariko ekitaldiak egin dira bertan. 60. hamarkadan Mari Lourdes Iriondoren kontzertua egin zen, adibidez, herriko taldeen entsegu lokala izan da, zinea egin da…». Garaiko zine aparailu zaharra ikusgai egongo da, baita obran erabilitako orga bat ere. Bi astetan egongo da erakusketa zabalik.













