Indarkeria matxistaren aurkako aldarria kaleetan nagusituko da
Komunitate aktiboaren garrantzia indartu nahi du Emakundek. Konplizitate sozialen aurka ekiteko deia egin du mugimendu feministak. Indarkeria matxistaren normalizazioa salatuko du Itaiak. Ekitaldi ugari antolatu dituzte Goierriko herrietan.
Indarkeria matxistaren aurka batu dira Zumarragan. Asier Zaldua. Azaroaren 25a iristear dela, indarkeria matxistaren aurkako aldarria izango da nagusi Euskal Herriko kaleetan. Aurten, erakunde publikoek, mugimendu feministak eta antolakunde politiko-sozialek beren mezua indartu dute, nork bere adierazpenarekin. Euskal gizarteari, herriz herri eta auzoz auzo mobilizatzeko deia egin diote, indarkeria matxistaren aurkako borrokan gizarte osoaren inplikazioa premiazkoa delako.
Erakundeen mezua
Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek Ez da zure arazoa soilik, gurea ere bada lelopean aurkeztu dute aurtengo kanpaina. Helburua argia da: indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak ez daude bakarrik, eta haien inguruan komunitate aktibo eta konprometitu bat eraiki behar dela azpimarratu dute. Azken inkestak –4.500 emakumeri egindako 2024ko azterlanak– datu kezkagarri bat erakutsi du: Euskadin bizi diren emakumeen ia erdiak, %48,2k, indarkeria motaren bat pairatu du bizitzan zehar. Horrek erakusten du arazoaren hedadura, eta baita biktimen isolamendua ere, izan ere, salaketak ez dira kasuen %15era iristen.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak adierazi du emakumeek sarritan ingurukoengan jartzen dutela konfiantza –lagunengan, senideengan– baina askotan ez dutela babes nahikorik aurkitzen. Horregatik, «pilota gizartearen teilatuan» dagoela azpimarratu du: gizarteak entzun, sinetsi eta babestu behar ditu biktimak, eta indarkeria ezin daiteke emakumeen arazo pribatu gisa ulertu. «Arazo soziala da, eta hala erantzun behar zaio», ondorioztatu du Elgarrestak.
Aldi berean, alderdi instituzionaletik, Eudeleko presidente Esther Apraizek udalaren eginkizun zuzena nabarmendu du: udalak direla lehen babes sare komunitario hori aktibatzeko eragileak. Auzoko loturak, inguru hurbila eta eguneroko harremanak dira, haren hitzetan, seinaleak antzematen eta lehen laguntza eskaintzen dutenak.
33 neurri
Eudelek arreta berezia jarri du tokiko politika esparruan ere existitzen den indarkeria sexistaren arazoan. Elkarteak 33 neurriko gida bat aurkeztu du, udal bakoitzak bere errealitatera egokitu ahal izango duena, sentsibilizazioa, prebentzioa eta jarduketa ardatz izanik. Neurri horiek, udal itunetatik hasi eta ordutegi malguagoetara, protokolo azkarretatik eta segurtasun digitalera arte, tokiko gobernuetan berdintasuneko parte-hartzea indartzea eta emakume hautetsiak babestea dute helburu.
Eudelek oinarri moduan egindako galdeketak argi utzi du arazoaren dimentsioa: inkestatu diren 150 emakume hautetsietatik %60k indarkeria edo jazarpen sexista jasan dute beren jardunean –fisikoa, ahozkoa, psikologikoa edo sinbolikoa–. Sare sozialen eraginak areagotu egin ditu erasook, eta eguneroko jardunean gutxiespenak, paternalismo politikoa edo hitza etete sistematikoa pairatzen dituzte askotan.
Esther Apraizek nabarmendu du emakume hautetsi bat isilarazten den bakoitzean tokiko demokrazia bera ere kolokan jartzen dela: «Euskadik ezin du onartu matxismoaren ondorioz emakume politikari bakar bat ere galtzea».
Mugimendu feminista
Euskal Herriko Mugimendu Feministak ere bere mezua argi eta ozen zabaldu du: Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista. Aurtengoan, haien helburua izan da indarkeria matxista sostengatzen duten eguneroko konplizitateak seinalatzea: diskurtso antifeministen gorakada, normalizazio soziala eta erakundeetan, hedabideetan edo sare sozialetan gertatzen den inpunitatea. Gasteizen egindako agerraldian, Beltran de Lubianok adierazi du erasotzaileak ez direla «izaki abstraktuak», baizik eta inguruan ditugun gizonak: lankideak, auzokoak, politikariak edo sareetan anonimoki aritzen direnak.
Mobilizazioak hiriburuetan deitu dituzte. Eskualde mailan, berriz, herriko plazetan egingo dira bilkurak. Mugimendu feministak nazioarteko borrokekin bat egiteko deia ere egin du, bereziki Palestinako emakumeak gogoan izateko.
Itaia antolakundea
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak bere irakurketa ere plazaratu du, eta oso argi utzi du matxismoaren normalizazioaren aurrean ezinbestekoa dela antolakuntza kolektiboari ekitea. Antolakundearen hitzetan, indarkeria matxistak hartu duen dimentsioa «larrialdi sozial» mailakoa da, eta «erantzun irmo eta bateratua behar du».
Eskualde mailako mobilizaziora batzeko deia egin dute Itaiatik, Beasainen egingo dutena, eta eraso bakoitza «desnormalizatzeko» beharra azpimarratu dute.
EgitarauaAtaun Gaur: 18:00etan, Ataungo Herri Antzokian, Ahizpatasun hariak dokumentala. Ondoren, tailerra eta mokadutxoa. Azaroak 25: 18:00etan, elkarretaratzea, San Martingo plazan. Beasain Bihar: Itaiak antolatuta, 12:00etan, autodefentsa tailerra gaztetxean eta 16:30ean, kafe tertulia La Asistenta liburuaz, gaztetxean. Azaroak 25: 18:00etan, Panel Morearen inaugurazioa. 18:30ean, Erauskin plazan, Berdintasun Kontseilutik antolatuta, elkarretaratzea, Asanbladaren performancea eta Asmuberen kantua. Itaiak antolatuta, 19:00etan, mobilizazioa plazan. Ezkio Azaroak 25: 17:00etan, elkarretaratzea udaletxe aurrean. Ondoren, Nagore Laffage dokumentala eta jarraian mokadutxoa elkartean. Idiazabal Bihar: 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, Bagaittun zume biziko egitura sortzea. Txomenarena parkean. 13:00etan, mokadutxoa. Azaroak 25: 18:00etan, Plaza Nagusian, elkarretaratzea. Itsasondo Azaroak 25: Elkarretaratzea, plazan (ordua zehaztuko dute datozen egunetan). Lazkao Azaroak 25: 19:00etan, Konplizatate sareen aurrean erresistentzia feminista lelopean elkarretaratzea, plazan. Legazpi Gaur: 18:30ean, hitzaldia Gaztetxean. Ondoren, pintxopote girotua, Itaiak antolatuta. Bihar: 19:00etan, kalebira, Paso Txominetik, eta ondoren, ekitaldia, Itaiak antolatuta. Azaroak 25: 18:30ean, elkarretaratzea Euskal Herria plazan. Legazpiko Asanblada Feministak antolatuta. Legorreta Azaroak 24: 17:00etan, udaletxeko areto nagusian, Adineko emakumeak eta indarkeria matxista hitzaldia egingo du Sortzeneko Sheila Merlconek. Azaroak 25: 17:30ean, Izare Rock Zizare ipuin kontaketa Libe Estebaranazekin, udal liburutegian, 4 urtetik gorako haurrentzat, udalak antolatuta. 18:30ean elkarretaratzea, Aiurik antolatuta. Mutiloa Azaroak 25: 19:00etan elkarretaratzea. Azaroak 29: 18:30ean, Volar dokumentala, udaletxeko ganbaran. Ordizia Azaroak 24: 17:00etan, Barrenan, Maite Frankoren Bizar urdinak ipuin kontaketa, 5-7 urte bitarteko haurrentzat. Azaroak 25: 11:00etan, anexotik Plaza Nagusira giza katea: Emakumeenganako indarkeriari ez lelopean. 18:00etan, Garrasikada herrian zehar. 19:00etan, Arboledan, ekitaldiari eta manifestazioari hasiera. 19:30ean, plazan ekitaldi bateratua, Indarkeria Matxisten Aurkako Herri Aliantzak antolatuta eta performancea Urrup Antzerki taldearen eskutik. Ormaiztegi Azaroak 25: 16:00etan, elkarretaratzea eta herri argazkia eskolako atarian. Segura Gaur: 18:00etan, plazan, Ate morearen aurkezpena. Zer da indarkeria matxista? lore tailerra eta tertulia. 19:00etan, Norbere mundu intimo saioa, Botikaxaharren, Mirari Martiarena eta Ane Zuazubiskar bertsolariekin. Azaroak 25: 18:30ean, plazan, elkarretaratzea eta sorpresa. Urretxu-Zumarraga Azaroak 25: 19:00etan, elkarretaratzea Emakumeen plazan. Urola Garaiko Koordinadora Feministak (UGKF) antolatuta. Zaldibia Azaroak 25: 19:00etan, elkarretaratzea plazan, Aske-k eta udalak deituta. Zegama Azaroak 25: 18:30ean, elkarretaratzea udaletxearen aurrean. Musika izango da eta globo moreak banatuko dituzte. Elkarretaratzearen aurretik, babesa agertuko diote umetan indarkeria matxista jasan zuen Olatz Telleriari. Zerain Azaroak 25: 19:00etan, elkarretaratzea udaletxearen aurrean, udalak antolatuta.
Ataun
- Gaur: 18:00etan, Ataungo Herri Antzokian, Ahizpatasun hariak dokumentala. Ondoren, tailerra eta mokadutxoa.
- Azaroak 25: 18:00etan, elkarretaratzea, San Martingo plazan.
Beasain
- Bihar: Itaiak antolatuta, 12:00etan, autodefentsa tailerra gaztetxean eta 16:30ean, kafe tertulia La Asistenta liburuaz, gaztetxean.
- Azaroak 25: 18:00etan, Panel Morearen inaugurazioa. 18:30ean, Erauskin plazan, Berdintasun Kontseilutik antolatuta, elkarretaratzea, Asanbladaren performancea eta Asmuberen kantua. Itaiak antolatuta, 19:00etan, mobilizazioa plazan.
Ezkio
- Azaroak 25: 17:00etan, elkarretaratzea udaletxe aurrean. Ondoren, Nagore Laffage dokumentala eta jarraian mokadutxoa elkartean.
Idiazabal
- Bihar: 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, Bagaittun zume biziko egitura sortzea. Txomenarena parkean. 13:00etan, mokadutxoa.
- Azaroak 25: 18:00etan, Plaza Nagusian, elkarretaratzea.
Itsasondo
- Azaroak 25: 18:00etan, elkarretaratzea.
Lazkao
- Azaroak 25: 19:00etan, Konplizatate sareen aurrean erresistentzia feminista lelopean elkarretaratzea, plazan.
Legazpi
- Gaur: 18:30ean, hitzaldia Gaztetxean. Ondoren, pintxopote girotua, Itaiak antolatuta.
- Bihar: 19:00etan, kalebira, Paso Txominetik, eta ondoren, ekitaldia, Itaiak antolatuta.
- Azaroak 25: 18:30ean, elkarretaratzea Euskal Herria plazan. Legazpiko Asanblada Feministak antolatuta.
Legorreta
- Azaroak 24: 17:00etan, udaletxeko areto nagusian, Adineko emakumeak eta indarkeria matxista hitzaldia egingo du Sortzeneko Sheila Merlconek.
- Azaroak 25: 17:30ean, Izare Rock Zizare ipuin kontaketa Libe Estebaranazekin, udal liburutegian, 4 urtetik gorako haurrentzat, udalak antolatuta. 18:30ean elkarretaratzea, Aiurik antolatuta.
Mutiloa
- Azaroak 25: 19:00etan elkarretaratzea.
- Azaroak 29: 18:30ean, Volar dokumentala, udaletxeko ganbaran.
Ordizia
- Azaroak 24: 17:00etan, Barrenan, Maite Frankoren Bizar urdinak ipuin kontaketa, 5-7 urte bitarteko haurrentzat.
- Azaroak 25: 11:00etan, anexotik Plaza Nagusira giza katea: Emakumeenganako indarkeriari ez lelopean. 18:00etan, Garrasikada herrian zehar. 19:00etan, Arboledan, ekitaldiari eta manifestazioari hasiera. 19:30ean, plazan ekitaldi bateratua, Indarkeria Matxisten Aurkako Herri Aliantzak antolatuta eta performancea Urrup Antzerki taldearen eskutik.
Ormaiztegi
- Azaroak 25: 16:00etan, elkarretaratzea eta herri argazkia eskolako atarian.
Segura
- Gaur: 18:00etan, plazan, Ate morearen aurkezpena. Zer da indarkeria matxista? lore tailerra eta tertulia. 19:00etan, Norbere mundu intimo saioa, Botikaxaharren, Mirari Martiarena eta Ane Zuazubiskar bertsolariekin.
- Azaroak 25: 18:30ean, plazan, elkarretaratzea eta sorpresa.
Urretxu-Zumarraga
- Azaroak 25: 19:00etan, elkarretaratzea Emakumeen plazan. Urola Garaiko Koordinadora Feministak (UGKF) antolatuta.
Zaldibia
- Azaroak 25: 19:00etan, elkarretaratzea plazan, Aske-k eta udalak deituta.
Zegama
- Azaroak 25: 18:30ean, elkarretaratzea udaletxearen aurrean. Musika izango da eta globo moreak banatuko dituzte. Elkarretaratzearen aurretik, babesa agertuko diote umetan indarkeria matxista jasan zuen Olatz Telleriari.
Zerain
- Azaroak 25: 19:00etan, elkarretaratzea udaletxearen aurrean, udalak antolatuta.













