24. Korrikarako prestaketak abian dira Goierrin ere
Errigora izango da 24. Korrikako omendua. Gaur Beasainen egindako aurkezpenean Errigoraren alde Xabier Albizuk eta Erramun Amundarainek egindako lana nabarmendu du Iparra Hegoako Luli Telleriak.
Joseba Baez, Karmele Santollo, Izaskun Irastortza, Luli Telleria, Nekane Munduate, Irati Ozaita, Imanol Artola eta Iban Balerdi, Beasaingo AEk euskaltegian.Laida Goiburu Joan den astean, azaroaren 13an aurkeztu zuen 24. Korrika AEK-k. Han eman zuten dataren edota leloaren berri; Atharratzetik aterako da martxoaren 19an, eta Bilbon amaituko da martxoaren 29an euskararen aldeko ekimen erraldoia. Euskara gara leloa izango du ardatz 2026koak. “Euskara herri bat naiz, bizitzeko era, izateko modua”. Horrela dio mezuaren lehenengo esaldiak. Aurkezpen orokor hartan, Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak azaldu zuen euskara “zubi gisa landu behar” dela, eta “kohesio sozialerako tresna” izango dela: “Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga bat; euskara arnasa da”.
Gaur, berriz, Beasaingo AEK euskaltegian aurkeztu dute hogeita laugarrena eskualdeko euskaltegietako irakasle eta Korrikako arduradunek. Han izan dira Joseba Baez, Karmele Santollo, Izaskun Irastortza, Nekane Munduate, Irati Ozaita, Imanol Artola eta Iban Balerdi. Baita Luli Telleria segurarra ere, Iparra Hegoaren izenean. Izan ere, Errigora izango da 24. Korrikako omendua, “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere”. Iparra Hegoak Errigoraren alde egiten duen lanaren ordezkari gisa izan da Telleria aurkezpenean, eta bereziki Xabier Albizuk eta Erramun Amundarainek egindako lana azpimarratu du. “Aipamen berezia egin nahi genioke Xabier Albizuk oraindik ere egiten duen eta Erramun Amundarainek –urriaren 31n hil zen– urtez urte egin duen lanari”.
Atharratzetik Bilbora, Euskal Herria, euskararen herria zeharkatuko du Korrikak beste behin euskara erdigunean jartzeko. Abenduan abestia aurkeztuko dute, eta ibilbidea urtarrilean.
Laguntzaile kanpaina abian
Korrikari babesa adierazteko ekimena, laguntzaile kanpaina, martxan dago jada. 15 euroren truke, norbanakoek ekimenari babesa adierazteko aukera izango dute. Herri dendan edo Ordiziako AEKren euskaltegian egin daiteke, baita webgunean ere, eta urtarriletik aurrera eskualdeko herriko batzordeetan. Aplikazioaren bidez, ostiralero egiten diren zozketetan parte hartu ahal izango da, eta Errenta Aitorpenean hobari.
Korrika denda zabalik dago. Beasaingo herri dendan dago aukera arropa erosteko. Petoak ere han izango dira eskuragarri. 24. edizioko petoa orain eskuratu behar da nahi izanez gero. Ordainketa guztiak txartelarekin egin beharko dira, ez dute eskudirua onartuko. Azaroan eta abenduan, Korrika denda ostiraletan 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta larunbatetan 10:30etik 13:00etara. Abenduaren 22an eta 23an, halere, goizez eta arratsaldez irekiko dute (10:30-13:30 eta 17:00-20:00). Urtarriletik martxora, berriz, ostegunetan 18:00etatik 20:00etara (otsailaren 12an itxita), ostiraletan 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:30etik 13:00etara zabalduko dute. Gogorarazi dute martxoan balitekeela arropa bueltatua izatea eta dendarik ez izatea.













