Lazkaoko Mari eta Basajaun erraldoien 150 miniatura
Lazkaon erroldatutako pertsonek Mari eta Basajaunek osatutako bikote bat erreserbatu ahal izango dute gaur, azaroaren 21a, 12:00etatik aurrera, eta azaroaren 27ra arte.
Aurkezpena egin dute gaur Lazkaon.Lazkaoko Udala. Lazkaoko Udalak, konpartsarekin elkarlanean, gomaz egindako Mari eta Basajaun erraldoien miniaturazko 150 irudiz osatutako edizio mugatua kaleratuko du. “Irudi hauek haurrentzat zein bildumazaleentzat pentsatuta daude, tokiko kultura eta tradizioak udalerriko etxe guztietara hurbiltzeko helburuarekin”.
Lazkaon erroldatutako pertsonentzat soilik erreserbatu ditzakete irudiak. “Familia bakoitzak Mari eta Basajaun irudiek osatutako bikote bakarra eskatu ahal izango du. Erreserba egiteko, izen-abizen osoak, NAN zenbakia eta harremanetarako telefono-zenbaki bat eman beharko dira”.
Gaurtik azaroaren 27ra
Erreserba-prozesua gaur, azaroaren 21a, 12:00etatik aurrera hasi da eta azaroaren 27ra arte egin ahal izango da. Bi modu egongo dira hori egiteko: Lazkaoko Udalaren www.lazkao.eus webgunean eskuragarri egongo den formularioaren bidez, edo udaletxean bertan inprimakia beteta. “Erreserbak izen-ematearen hurrenkeraren arabera kudeatuko dira, eta 150 unitate erabilgarriak agortu arte onartuko dira”.
Miniaturak azaroaren 30ean banatuko dituzte, 11:00etatik 13:00etara bitartean. “Erreserba behar bezala egin dutenei jakinaraziko zaie non jaso behar dituzten”.













