Urbian desagertutako artzainaren bila dabiltza atzo iluntzetik
Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko agenteek atzotik desagertuta dagoen 77 urteko artzain bat bilatzeko lanei ekin diete berriro gaur goizean. Atzotik desagertuta dago; ustez, artaldearekin Urbiako zelaietatik gertu dagoen borda batetik jaitsi behar zuen, Aizkorriko hegoaldeko magalean.
Ertzainak atzo Urbian, bilaketa lanean.Ertzaintza. Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko ataleko agenteek 77 urteko Jose Luis Uribetxeberria ‘Txantxangorri’ artzain gabiriarra bilatzeko lanei ekin diete gaur goizean. Atzotik desagertuta dago, ustez artaldearekin Urbiako zelaietatik gertu dagoen borda batetik jaitsi behar zuela, Aizkorriko hegoaldeko magalean.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, UVRko mendiko espezialistak parte hartzen ari dira inguruko elur-baldintzek bilaketa zailtzen baitute. Atzo, 20:00ak baino minutu batzuk lehenago, familiak abisua eman zuen artzainaren berririk ez zutelako. “Antza denez, artzainak Urbiako zelaietatik jaitsi behar zuen Kataberako meategietatik Brinkolara”.
Ertzaintzako mendi-agenteak bertara joan ziren, eta atzo gauean artzaina bilatzen saiatu ziren, “artzainak erabili ohi duen borda batean, bai eta inguruko hainbat bordatan ere, Urbian bertan”, baina ez zuten aurkitu. Elur-ekaitzak eta elurrak eten egin zuten bilaketa gaur goizera arte, eta mendiko espezialistek, Oriako Ertzain-etxearen landa-patruila baten laguntzarekin, berriro ekin diote bilaketari, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko teknikari batek koordinatuta.













