Elegante hasi dute eguna ormaiztegiarrek
Elegante eguna ospatzen ari dira gaur Ormaizteko San Andres jaietan, XIX. mendeko jantziekin dotore jantzita.
San Andres jai bete-betean murgilduta dabiltza atzotik ormaiztegiarrak, 25 urte bete dituen Urmaiz abesbatzako kideek txupinazoa bota zutenetik.
Gaur, Elegante eguna dute, eta adin desberdinetako ormaiztegiarrak kalera atera dira XIX. mendeko arropekin dotore jantzita. Jundajo txarangarekin batera, ohiko paseoa egin dute plazatik bainuetxeraino, gizarte etxean, balsa dantzatzeko geldialdia eginda.
Zumalakarregi museoak sustatutako ekitaldia da, Ormaiztegiko bainuetxearen memoria historikoa berreskuratu eta balioan jartzea helburu duena.
Zubipe kiroldegian bazkaldu eta arratsaldean txokolate beroa jango dute eliza atarian, ostegunean egindako Ezkurdia ostatuko pastez lagunduta.
Musika
Iluntzetik aurrera, musika izango da Ormaiztegin: 18:30etik 21:00etara, Dizkobolo elektrotxaranga eta 23:00etatik aurrera, Komerik erromeria eta DJ Motx.













