Maider Arregik jantzi du zapia
Zaldibiako Zubi-Buru elkartean Udazkeneko Zapi janztea jokatu da. Julio Soto, Aner Peritz, Eneritz Artetxe eta Maider Arregi bertsolariak aritu dira lehian. Iazko irabazleak, Julio Sotok jantzi dio zapia zapidun berriari.
Maider Arregi oñatiarra izan da zapiduna Zaldibian.Loinaz Agirre. Zapiak Bat kultur elkarteak antolatuta, Udazkeneko Zapi janztea jokatu da gaur Zaldibiako Zubi-Buru elkartean, jendez betea zela. Bertso bazkari formatuan, Julio Soto [iazko irabazlea], Aner Peritz, Eneritz Artetxe eta Maider Arregi bertsolariak aritu dira lehian.
Zubi Buru elkartean elkartu diren bertsozaleak izan dira epaimahaikideak. Bertso saioa amaitu ondoren, bakoitzak bere papertxoa bete, kutxatxoan sartu eta Iker Iriartek jakinarazi du epaia: Udazkeneko VIII. Zapi janzteko zapiduna, Maider Arregi oñatiarra dela.
Bertso saio-sariketa hau berezi egiten duen unea iritsi da jarraian. Arregi irabazlea aulkian eseri, eta iazko zapidunak jantzi dio zapidun berriari zapia. Aholku emaile ugari izan ditu Sotok, baina berak argi utzi du, Nafarroan egiten den bezala jantziko diola zapia, bideoan ikus daitekeen bezala.













