«Artzaintza bera bukatu ez da egingo, baina bai gurea, lege zaharrekoa»
2006ko urtarrilaren 22ko GOIERRIKO HITZAn elkarrizketa egin zion Aimar Maiz kazetariak Gabiriako Jose Luis Uribetxeberria artzainari.
Jose Luis Uribetxeberria 'Txantxangorri' artzaina.Aritz Altuberen facebooketik. Urbiatik jaisten azkeneko artzaina izan ohi da Jose Luis Uribetxeberria gabiriarra, bai joan direneko azkeneko neguetan behintzat. Aurten ere hala egin du: azaroaren 13an elurrak larreak zuritu ondoren ekin zion bailarako bideari. Eskola zaharreko artzaina da Gabiriako Irazola baserriko Jose Luis, bizitza osoan artzaintzan jardundakoa.
Zer daukazu Urbiatik azkena jaisteko…
Udaberrian beranduago igotzen naiz, ekain aldera. Joan azkeneko, etorri ere bai. Hango artzain denak bateratsu jaisten gara. Ni urteotan azkeneko geratu naiz. Aurten elurrak harrapatu ninduen, eta Arantzazura jaitsi nintzen artaldearekin. Hurrengo egunean etorri nintzen Gabiriara. Mutiloako Jonek lagundu zidan ardiak biltzen.
Zenbat artzain egoten zarete Urbian uda garaian?
Hamaika inguru, beti han gau-denak behintzat.
Arkume garaia orain da. Ari al dira jaiotzen?
Bai. Jaiotzeko daudenak etxera ekartzen ditut, Irazolara. Ordiziara eramaten ditugu saltzera.
Noiz hasi zinen artzain?
Bizi dena. Bizi guztian eduki ditugu etxean ardiak, aitajaun zenak, aitak… Soldaduzkara joan nintzen urtean kendu egin zituzten, eta atzera neuk erosi nituen. Lehenago Degurixan edukitzen zituen aitajaunak ardiak, Araotz inguruan. Aita ere artzain ibili zen, ezkondu eta fabrikan hasi zen arte.
Gustuko al duzu ofizioa?
Gustatu egin behar da; beharko. Holaxe ohitu gara, hau ikusi dugulako. Mendiko bizimodua errazagoa da, han hobeto egoten gara. Negua gogorragoa da askoz.
Zer bizimodu egiten duzue goian, txabolan eta?
Urbiak daukan lekurik onenean daukat txabola, baina eguraldia onarekin! Makina bat argazki atera dizkiote! Txabola batzuk erabat berriak eginda daude, baina gurea lehenagoko legean dago konponduta; berrituta bai, baina lehengo itxurara. Lotarako lekua, sukaldea beheko suarekin eta gazta egiteko lekua ditu. Gero kanpoan ardientzat eskorta, harriarekin egindakoak, ez burdin eta ez alanbre. Ohitura zaharrari eustearen aldekoa naiz. Aranzadiko Fermin Leizaola ere makina bat aldiz joan da argazkiak ateratzera.
Norenak dira txabolak?
Denak Partzoneriarenak dira. Ni Zegaman nago erroldatuta, eta han egoteko aukera daukagu. Eta eskerrak partzoneriarenak diren, ondo jarritako legea da. Bestela, bakoitzaren jabetzakoak balira, kito. Batek baino gehiagok esan dit erosiko didala txabola. Nirea al duk ba?
Negu partea gogorragoa dela esan duzu. Nola moldatzen zara orain ardiekin?
Orain Legazpin daukat artaldea; Izar Haundin ere ibiltzen naiz, Ikorta aldean ere bai beste ardi batzuk… denean ibiltzen gara batetik bestera.
Artzain mundua asko aldatu al da zure ezagueran?
Bai. Orain pabilioiekin-eta beste martxa batean sartu da, behar ere bai. Gazta egitea beharrezkoa da gaur egun, nonbaitetik atera egin behar. Artzaintza bukatu ez da egingo, inbertsio latzak egin beharko badira ere. Baina gurea, lehengo legeko artzaintza, bukatuko da eta kito.
Aldatuko al zenuke ofizioz, fabrikara edo?
Ezin utzi. Fabrikan hasi eta probatu nuen, baina ez zitzaidan gustatu. Mendiak tira egiten dit. Artzain-artzainak fabrikan ez dira errenditzen, beste bizimodu bat dute eta.
Artzainari zenbat ardi dituen galdetzerik ba al dago?
Zehatz-mehatz jakin ere… ba al dakigu ba zenbat dauzkagun?













