Hodei Fernandez Espainiako txapeldun Kantabrian jokatu den 'Campo a Traves' lasterketan
FEDDI mailako lasterketa atzo jokatu zuten Santandarren (Kantabria, Espainia). 18 urtez azpikoen mailan onena izan zen ormaiztegiarra Espainiako txapeldun titulua eskuratuz.
Hodei Fernandez, atzo, Espainiako Campo a TRaves lasterketa irabazi berritan. Hitza Santandarreko La Magdalena jauregiaren inguruan antolatu zuten Espainia mailako Campo a Traves lasterketako zirkuitua, atzo. Autonomia-erkidego ezberdinetako 19 taldetako 175 korrikalarik parte hartu zuten txapelketan, tartean Hodei Fernandez ormaiztegiarrak. Txapelketa kirol inklusiboaren alde lan egiten duen Adimen Desgaitasuna duten Pertsonen Espainiako Kirol Federazioak — FEDDIk— antolatu zuen.
Hain zuzen, Fernandez Basauriko (Bizkaia) Club Paralimpico Ascensores Bertako Javi Conde taldeko kide da 2025eko urtarrilaz geroztik. Iazko ikasturtean hasi zen Espainia mailako txapelketetan parte hartzen, eta aurten iazko mailari eustea da ormaiztegiarraren helburua. Atzo, Espainiako txapeldun titulua eskuratu zuen Campo a Traves lasterketa honetan, 18 urtez azpikoen mailan. Gainera, Javi Conde bere taldeak taldekako sailkapenean lehenengo saria ere eskuratu zuen, taldekideek lortutako 21 dominei esker. Hala, azken 12 urteetako garaipen segidari jarraipena eman zioten, atzo.
Fernandezek ez du adimen desgaitasuna duten pertsonentzako lasterketetan soilik parte hartzen eta Urretxu Zumarragako Goierri Garaia atletismo taldearekin ere aritzen da. Beraiekin egiten ditu asteroko entrenamenduak eta beraiekin parte hartuko du oraingo ikasturtean ere, Euskal Herriko kros txapelketetan. Basauriko taldearekin, aldiz, Espainia mailan lehiatzeko aukera izango du, FEDDI mailan.
Pozik egoteko arrazoiak
Lasterketa irabazi izana ez da Fernandezek pozik egoteko duen arrazoi bakarra. Izan ere, Adimen Desgaitasuna duten Pertsonen Espainiako Kirol Federazioak Madrilgo errendimendu handiko zentrora gonbidatu du ormaiztegiarra abenduan. Teknifikazio jardunaldi batzuetan parte hartuko du abanduaren 10etik 14ra era Madrilgo Gallur atletismoko pista estalian lehiatzeko aukera ere izango du. Oso pozik dago gonbidapenarekin Fernandez.
Datorren urtera begira, urtarrilean Euskadiko selekzioarekin parte hartuko du Kordoban (Andaluzia, Espainia) jokatuko den Espainia mailako kros txapelketan.















