Zaldibiako udal gobernuak adierazpen bat kaleratu du azken asteotako gertakarien aurrean
Asteburuan, Mediku-Etxe pareko trafiko seinale eta semaforodun zutoina hautsi eta bota dute. Nabarmendu du plaza inguruaren oinezkotzearen alde lan egingo duela eta helburu horretan irmo jarraituko duela.
Zaldibiako Mediku-etxe pareko semaforoa, atzo goizean, lurrean. Hitza Zaldibiako udal gobernuak adierazpena bat kaleratu du gaur goizean asteburuan izandako gertakariak salatzeko. Atzo goizean Mediku-Etxe pareko trafiko seinale eta semaforodun zutoina hautsita eta lurrean botata azaldu zen. Era berean, udalak gogoratu du aurreko asteburuan semaforo eta seinale berdinek kalteak izan zituztela, eta atzerago joanda, irailean, matrikulak eskaneatzen zituzten kamerei eraso egin eta egun batzuetara desagerrarazi egin zituztela.
Udal gobernuak nabarmendu du “herritar askoren nahiari eta gure ezker ikuspegiari zintzo”, argi adierazi zuela plaza inguruaren oinezkotzearen alde lan egingo zuela eta helburu horretan irmo jarraituko duela. “Herri hezitzaile eta zaintzailearen baloreetan sakontzen segituko dugu, herritar guztientzako bizigarriago eta seguruagoa den Zaldibia eraikitzen”.
Hona, hitzez hitz, Zaldibiako udal gobernuak kaleratu duen adierazpena:
“Asteburuan, Mediku-Etxe parean trafiko seinale eta semaforodun zutoina hautsi eta bota dute. Aurreko asteburuan ere semaforo eta seinale berdinek kalteak izan zituzten eta atzerago joanda, irailean, matrikulak eskaneatzen zituzten aparatuak lehenik erasotu eta egun batzuetara lapurtu zituzten.
Puntu honetara iritsita, eraso hauek guztiak salatu nahi ditugu eta herritar guztiei ardura eta errespetua eskatzen dizkiegu, bai elkarren arteko harremanetan, baita eztabaida politiko-publikoen aurrean ere.
Zalantzarik ez da eraso hauen oinarrian Santa Fe kalearen zati batean egin diren trafiko arauen aldaketak daudela, nahiz eta gaur arte erantzuleek ez duten halakorik publikoki adierazi. Garbi dugu oinezkoak erdigunean jartzearen eta kotxeen presentzia murriztearen kontra daudenen erasoa izan dela.
Zaldibiako udal gobernuan gaudenok, herritar askoren nahiari eta gure ezker ikuspegiari zintzo, argi adierazi genuen plaza inguruaren oinezkotzearen alde lan egingo genuela eta helburu horretan irmo jarraituko dugu. Herri hezitzaile eta zaintzailearen baloreetan sakontzen segituko dugu, herritar guztientzako bizigarriago eta seguruagoa den Zaldibia eraikitzen. Onura kolektiboa pribilejio indibidualen gainetik jarriko dugu beti.
Horregatik, eraso hauek amaitzea eskatzen dugu, iritziak emateko ez dagoelako indarkeriara jo beharrik. Herritar guztiei giza-legez jokatzeko eta elkarbizitzaren oinarriak defendatzeko deia egiten diegu.
Zaldibian, 2025eko azaroaren 24an”

Moztutako semaforo zutoinaren irudia.Zaldibiako Udala













