Antzerki eguna da gaur Latxartegi aretoan
Tartean Teatro taldeak 'Ai gure juaneteak' antzezlana eskainiko du, 19:00etan. Mikel Laboaren unibertso musikal eta poetikoan oinarritutako ikuskizuna da
Antzerkiarentzako erreserbatutako eguna da gaur Legazpin. Tartean Teatro taldeak Ai, gure juaneteak! antzezlana taularatuko du Latxartegi aretoan, 19:00etan. Sarreren salmenta 18:30ean hasiko da. Prezioa 10 euro da.
Mikel Laboaren unibertso musikal eta poetikoan oinarritutako ikuskizuna da Ai, gure juaneteak!. Laboaren kantak “gaur egungo giza-abere baten begiradatik” dira antzezlanaren oinarria. Ikuskari eszeniko hibridoa da, hitzak eta musikak osaturikoa. Taula gainean aktore-musikari bat eta bi musikari-aktore izango dira. Zuzeneko musika Adrian Garcia de los Ojos piano joleak eta Maider Lopez biola joleak jarriko dute, eta hitza Patxo Telleria aktoreak. “Prosa eta poetika edota antzezlan eta musika saioaren erdibidean dagoen sentikaria da”.













