Beasainek bere lehen Koaderno Demolinguistikoa izango du
Patxi Saez Belokik ondu du eta gaur aurkeztuko du. Euskararen egoera «larria» dela aurreratu du egileak. Komunitatearen indarra hizkuntzaren biziraupenerako giltzarri dela dio.
Beasaingo ikuspegia airetik. Beasaingo lehenengo Koaderno Demolinguistikoa aurkeztuko dute gaur, 18:00etan, Beasaingo udaletxeko Batzar Areto Nagusian. Aittu! Euskara Elkarteak sustatutako azterlan berritzailea da. Lan horrek herriko hizkuntza egoeraren argazki fidagarria eta sakona eskainiko du, datu demolinguistikoetan eta ikuspegi analitikoan oinarrituta.
Elkarteak herritar guztiei luzatu die gonbidapena Euskararen Egunaren bezperan egingo den aurkezpenean parte har dezaten. Izan ere, Aittu!-k nabarmendu duen moduan, «oso beharrezkoa da euskararen egoeraz eta etorkizunaz gogoeta publiko eta zabala egiteko».
Koadernoaren egile eta Aittu! Euskara Elkarteko lehendakari den Patxi Saez Beloki soziolinguistaren arabera, hitzaldira hurbiltzen denak «euskararen egoeraren irakurketa serio» bat aurkituko du; alegia, iritzi orokorretatik eta instituzioetatik harago doan argazki bat. Saezek ohartarazi duenez, euskararen inguruko iritziak «askotan ez daude datuetan oinarrituta», eta jardunaldiak euskararen egoera modu objektiboan ulertzeko aukera emango du.
Bere hitzetan, «datu sendoetan oinarritutako irakurketa ezinbestekoa da herri batek bere hizkuntza osasunaren benetako egoera ulertu eta neurriak hartu ahal izateko».
Datu demolinguistikoen garrantziaren inguruan, Saezek azaldu du hizkuntzen egoera ulertzeko funtsezkoa dela argazki kuantitatibo eta kualitatibo zehatz bat izatea. Haren esanetan, gaixotasun baten aurrean analisiak egiten diren modu berean, «euskararen osasunaren egoera neurtzeko ere datuak behar dira».
Datu horiei esker jakin daiteke zer indargune eta ahulgune dituen hizkuntzak toki bakoitzean, eta zehazki, Beasainen. Koaderno Demolinguistikoak, beraz, egoera horren diagnostiko xehea eta eguneratua eskaintzen du.
«Minbiziaren parekoa»
Beasaingo Koaderno Demolinguistikoaren helburua ez da soilik datuak aurkeztea; egoeraren larritasunaz ohartaraztea ere bada asmoa. Saezek ez du eufemismorik erabili: bere esanetan, «euskararen osasuna larria da, Beasainen eta Euskal Herria osoan». Haren iritziz, hizkuntzak bizi duen egoera «minbiziaren parekoa» da, eta ezer egiten ez bada, «hil egingo da».
Abisu horren atzean, ordea, aktibazio deia dago. Saezek azaldu du asmoa dela Beasainen «esna-dei kolektibo bat zabaltzea, egoera ulertzetik ekintzara igarotzea».
Hizkuntza politiken eragina garrantzitsua bada ere, Saezek azpimarratu du euskararen etorkizuna ez dagoela erakundeen esku bakarrik. Bere ustez, «guztion ardura» da, eta maila askotan jokatzen den partida da: ofizialean, sozialean, profesionalean zein pertsonalean.
Norbanakoek egunerokoan egiten duten hautuek –etxean, lanean edo harreman sareetan– zuzenean eragiten diote euskararen indarrari eta transmisioari.
Komunitatearen indarra
Saezek metafora baten bidez azaldu du hizkuntzen biziraupena komunitatearen menpekoa dela: «Landarea lurrak elikatzen duen bezala, hizkuntzek hiztunek ematen duten bizi-indarra behar dute». Bere esanetan, hiztun komunitatea sendoa denean hizkuntza ere indartsuagoa da.
Horregatik, komunitatearen aktibazioa eta parte-hartzea dira euskarak etorkizuna izateko funtsezko baldintzak.
Azkenik, herritarrei gonbita zabaldu die Saezek aurkezpena entzuteko eta hausnarketan parte hartzeko, euskararen etorkizuna elkarrekin diseinatzeko. «Euskararen etorkizuna irabazi nahi badugu, partida non eta nola jokatu behar dugun elkarrekin adostu behar dugu».













