EHUk bere hezkuntza-eskaintza aurkeztuko du Beasainen
Asteazkenean izango da informazio saio irekia.
Euskal Herriko Unibertsitateak informazio-saio irekia eskainiko du bihar, asteazkena, 18:30ean, Loinazpe institutuko areto nagusian. EHUko Gipuzkoako Campuseko Erretoreordetzako ordezkariak bertaratuko dira unibertsitatearen inguruko informazio orokorra eskaintzeko. Ekitaldia elebiduna izango da, eta batxilergoko zein Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleei, haien gurasoei eta orientazioan edo irakaskuntzan aritzen direnei zuzenduta dago, baita EHUren eskaintzari buruzko informazio eguneratua jaso nahi duten herritarrei ere.
Saioaren helburuen artean daude unibertsitatearen eta etorkizuneko ikasleen arteko lehen harremana erraztea, EHUk eskaintzen dituen aukerak azaltzea eta unibertsitate ikasketen inguruko zalantzak eta erabakiak argitzen laguntzea.
Sarrera irekia izango da, eserlekuak bete arte.













