Euskarazko lehen misterio jolasak kaleratu dituzte
‘Aralarko Ttantta’ eta ‘Misterio kasu laburra’ izena dute jolasek. ‘Berria’-k eta Txintxa Jolasak elkartea dira argitaratzaileak. Goiturrek helduen jolasa babestu du, eta Laboral Kutxak umeena.
'Aralarko Ttantta' eta 'Misterio kasu laburrak' jolasen aurkezpena, gaur, Ataunen. Atzeko lerroan, Iñaki Agirre Legorretako alkatea, Adur Ezenarro Goiturreko presidentea eta Mikel Arteaga Amezketako alkatea; behean, Egoitz Bergara Laboral Kutxako ordezkaria, Aiora Etxeberria jolasen egileetako bat eta Ainara Lasa Berria-ko Marketin arduraduna.Iñaki Gurrutxaga Euskarazko lehen misterio jolasak kalean dira dagoeneko. Jolasa, irakurketa, euskara, eta euskal kultura eta ondarea lantzea dira jolas horien helburua. Berria egunkariak eta Txintxa Jolasak elkarteak argitaratu dituzte elkarlanean. Aralarko Ttantta helduentzako jolasa da, eta Goierriko Goitur turismo elkartea izan da babesle nagusia. Misterio kasu laburrak 6 eta 12 urte arteko haurrei zuzenduta dago, eta Laboral Kutxak lagundu diruz. Amezketa eta Legorretako udalek ere babestu dute proiektua.
Ataungo udaletxean aurkeztu dute. Ainara Lasa Berria-ko Marketin arduradunak, Aiora Etxeberria Txintxa Jolasak taldeko kideak, Adur Ezenarro Goiturreko presidenteak eta Egoitz Bergara Laboral Kutxako gazteentzako zerbitzuen arduradunak hartu dute hitza. Goiturreko zuzendari Niko Osinalde ere han izan da, baita Legorretako alkate Iñaki Agirre eta Amezketako alkate Mikel Arteaga ere.
Lasak adierazi du Txintxa elkarteak «zirikatuta» heldu ziotela «existitzen ez zen jolas» bat sortzeko lanari: «Ekoizpen prozesua ez da erraza izan». Berria-k euskal kulturarentzat erakusleiho izateko bokazioa duela nabarmendu du, eta bere egitekoen artean dagoela «euskarazko ekosistema oso bat» elikatzea.
Balioak mahai gainean
Etxeberriak zehaztu du «umeen arteko giroan» beste hiru lagunekin batera sortutako ideia batetik abiatu zutela proiektua, euskaraz misteriozko halako jolasik ez zegoela ikusita. «Balioak transmititzeko aukera eskaintzen dute jolasek, eta denaren oinarrian misterioak deskubritzea dago».
Bergarak nabarmendu du bere egiten dituztela jolas horien bidez zabaldu nahi diren balioekin, eta jolas kooperatiboen bidez hainbat konpetentzia garatzeko aukera dagoela.
Goierri ezagutzeko aukera
Ezenarrok gogoratu du Goiturrek 25 urte daramatzala Goierriren nortasuna zabaltzeko lanean, eta jolas honek «Goierri berrezagutzeko» aukera ematen duela. «Gero eta leku eta kultura gehiago ezagutzen ditugu, baina gero eta gutxiago gure ingurua».
Aralarko Ttantta jolasari «produktu turistiko» izendapena ere eman dio, eta familia giroko turismoa erakartzeko baliagarria izango dela uste du. Aralar dago jolas horren oinarrian, eta horregatik aurkeztu dute Ataunen, Aralarko sarbideetako bat delako eta Joxe Migel Barandiaranen jaioterri.
MISTERIO JOLASAK
‘Aralarko Ttantta’
- Norentzat: Helduentzat da, eta taldean edo bakarka jolas daiteke. Aralarren izan den gertakari bat argitu behar dute partaideek askotariko materialen bidez.
- Non Erosi: Berria dendan edo Durangoko Azokan. Prezioa: 20 euro –Berrialagunek 18–.
‘Misterio kasu laburrak’
- Norentzat: 6 eta 12 urte arteko haurrentzat. Misterioa ardatz dute hamar kasu dakartza, eta erronkak ebaztea da egitekoa.
- Non erosi: Berria dendan edo Durangoko Azokan. Prezioa: 28 euro –Berrialagunek 25–.

Bi misterio jolasen azalak.Iñaki Gurrutxaga













