Maila goreneko pilotariak elkartuko ditu aurten ere Olaberriko Elite Pala Txapelketak
Abenduaren 6an alebin-infantilen triangularra eta senior-nagusien finalerdiak jokatuko dira, eta abenduaren 7an finalak, arratsaldez.
Olaberriko XI. Elite Pala Txapelketaren aurkezpena, atzo, udaletxeanIñaki Gurrutxaga Beste behin, mundu mailako palako izar handienak eta erreferentzia nagusiak gonbidatuko dituzte Olaberrira, datorren asteburuan jokatuko den Olaberriko XI. Elite Txapelketan lehiatzeko. Eta iaz hasitako bideari jarraipena emanez, Olaberriko pilota eskolako eta Ordiziako Oiangu elkarteko haurrek eta gaztetxoek ere jokatuko dute.
Olaberriko udaletxean aurkeztu zuten atzo arratsaldean txapelketa. Xabier Berasategi eta Gari Arrieta antolatzaileak, eta harrobiko bost mutiko elkartu ziren. Horiek joan den larunbatean, azaroaren 29an, ekin zioten lehiari. Alebin-infantil mailetako triangularra –paleta larruz– eta Kadete mailako finalerdiak jokatu zituzten bi modalitateetan, paleta larruz eta pala motzean.
Bost pilotari profesional
“Aurten berritasuna da orain arte ekarri ezin izan ditugun pilotariak ekartzeko modua izan dugula. Profesional mailan dabiltzan pilotariak dira. Azkeneko urte luzean greban daude, eta greba horrek irauten duen bitartean enpresarekin harremanak hautsita dauzkate. Hortaz, halako txapelketetan izaten dute beraien mailako pilotarien kontra jokatzeko aukera”, nabarmendu du Berasategik.
Ibai Perez sestaoarra eta Oier Alkorta azpeitiarra profesionalak dira paleta larruz, eta pala motzean Esteban Gaubeka (Armintza), Iker Gordon (Sopela) eta Pablo Fusto (Bilbo-Argentina). Emiliano Skufca Bartzelonak bizi den argentinarra ere Olaberrian izango da –lehen ediziotik parte hartu du–. “Javi Labionarekin batera txapel gehien dituen palaria da Skufca. Laviano txapeldun atera da Bilbon jokatu den Nazioen Ligan, baina hona ezingo du etorri”.
Benoit Chatellier frantziarra ere lehian arituko da –Olaberrian iaz txapela jantzitakoa–. “Pilotari honena kasu berezia da. Reunion Uhartean bizi da, Frantziako kolonia batean. Urte askoan ekarri izan dugu, eta ikuskizuna ematen du frontoian. Iaz txapeldun atera zen, eta aurten ere etorri nahi zuela esan zigun. Nazioen Ligako ez du hautatu Frantziako selekzioak, baina hala ere hemen egon nahi zuela esan zigun”. Agustin Maldonado Bilbon bizi den argentinarra –Nazioen Ligan aritu da– eta Yon Gabillet frantziarra ere karteldegian daude.
Euskal pilotarien artean hiru iruindar nabarmendu ditu Berasategik. Mikel Iribarren eta Marcos Perez paleta larruz, eta Iker Aramendia pala motzean. “Maila ona ematen ari diren pilotariak dira, gaztetasuna dakartenak. Aurtengo txapelketa proba izango da hauentzat. Onak dira, baina ikusita zer pilotari datozen, azterketa inportantea izango da, selektibitatea bezala”.
Formatu azkarreko txapelketa
Nazioen Liga txapelketa larunbatean bukatu da Bilbon, eta horren ondorioz, “beste berezitasun bat izango da txapelketa nahiko motza” izango dela, Berasategik dioenez. “Bi modalitate izango ditugu, paleta larruz eta pala motzean, eta formatu nahiko azkarra izango da, finalerdia eta finala. Bilbon aritu diren batzuk etorriko dira, eta beste batzuk atseden hartuko dute. Horregatik jokatuko da dena asteburu berean eta formatu azkarrean”. Partidek ordubete inguru iraungo dute.
Aurten ere harrobiari keinu
Iazko esperientzia errepikatuko dute aurten ere, eta Olaberriko pilota eskolan eta Ordiziako Oiangu elkartean aritzen diren palariei lekua egin diete txapelketan. Joan den larunbatean partidak jokatu zituzten, eta han sailkatutakoek ere asteburu honetan jokatuko dute. Abenduaren 6ko goizean alebin-infantil mailako triangulearrean sailkatutakoek, Segoviako (Espainia) bi bikoteren aurka lehiatuko dira triangularrean, eta igandean, finala, kadete mailakoena eta nagusienenak bezalaxe.
Gari Arrietak nabarmendu duenez, “gaztetxo talde berezia” dago gaur egun palarako afizioarekin, eta “oso gustura” hartzen dituzte halako erronkak. “Landuz gero, harrobia egon badago”, zehaztu du. Olaberrikoak eta Ordiziakoak dira mutiko gehienak.

Azaroaren 29ko alebin eta infantilen mailako triangularrean parte hartu zuten palariak.
Olaberriko XI. Elite Pala Txapelketa
ABENDUAK 6
- 10:00. Paleta larruz. Alebin-infantilen triangularra. Azaroaren 29an sailkatuak eta Gutierrez-Velasco eta Velasco-Zancajo segoviarrak.
- 16:30. Paleta larruz. Senior-nagusien finalerdia. Mikel Iribarren (Iruñea)-Ibai Perez (Sestao) / Marcos Perez (Iruñea)-Oier Alkorta (Azpeitia)
- 17:30. Paleta larruz. Senior-nagusien finalerdia. Yon Gabillet (Frantzia)-Benoit Chatellier (Frantzia) / Guille Perez (Iruñea)-Agustin Maldonado (Argentina)
- 18:30. Pala motza. Senior-nagusien finalerdia. Esteban Gaubeka (Armintza)-Iker Gordon (Sopela) / Ibon Garate (Algorta)-Xabier Ibargarai (Erratzu)
- 19:30. Pala motza. Senior-nagusien finalerdia. Pablo Fusto (Bilbo-Argentina)-Emiliano Skufka (Bartzelona-Argentina) / Julen Mendizabal (Iruñea)-Iker Aramendia (Iruñea)
ABENDUAK 7
- 16:30. Paleta larruz. Infantil-alebin maila
- 17:30. Paleta larruz. Kadete maila
- 18:30. Paleta larruz. Nagusiak-Senior maila
- 19:30. Pala motza. Nagusiak-Senior maila













