Segurako xirikatzaileak
Xirikara antzerki taldeak ‘Ama, begira zazu...’ lana antzeztuko du bihar Ataunen, eta abenduaren 20an Idiazabalen. Antzezlan hori 1980ko hamarkadaren amaieran estreinatu zen eta euskal antzerkigintzako lanik arrakastatsuenetako bat da.
Seguako Xirikara antzerki taldekoak, 'Ama begira zazu...' antzezlaneko irudi batean. Hitza Goierrin makina bat ekitaldi antolatu da Euskararen Egunaren inguruan. Horietako bat, bertatik bertara prestatu den antzerki saio bat: Segurako Xirikara taldeak Ama, begira zazu… lana antzeztuko du bihar, 19:00etan, Ataungo Herri Antzokian. Xirikara taldea duela urte batzuk sortu zen, Segurako Udalak antolatutako antzerki ikastaroaren bidez. Ia urtero antzezlan bat estreinatu dute San Joan jaietan. Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri taldearen bekarekin sortutako Zopa lanarekin hogei herri baino gehiago bisitatu zituzten.
Aurtengo San Joan jaietarako, berriz, Ama, begira zazu... antzezlana berreskuratzea erabaki dute. Horretarako, Elena Iruretari baimena eskatu diote. Izan ere, berak eta Kontxu Odriozolak idatzi zuten gidoia.
Ama, begira zazu… antzezlana 1980ko hamarkadaren amaieran estreinatu zen eta euskal antzerkigintzako lanik arrakastatsuenetako bat da. Odriozolak eta Iruretak, Mikel Garmendia eta Jose Ramon Soroiz goierritarren laguntzarekin antzeztu zuten. Eneko Olasagasti izan zen zuzendaria. Segurarren bertsioa Aiora Juantorena, Aimar Balerdi, Arantxi Barandiaran, Koldo Alustiza, Ekiñe Izagirre, Maider Hernandez, Luli Telleria eta Olatz Etxeberria aktoreek antzeztuko dute. Zuzendaria Idoia Uranga da, eta soinu eta argi teknikaria Urko Ruiz de Apodaka ordiziarra.
Sei esketxez osatutako ikuskizuna da: jatetxe bateko langileen kontuak, moja eta gotzainaren arteko ika-mikak, harri-jasotzaile baten ezinezko entrenamendua, neskazahar parearen etxean atea jotzen duen Jehovaren lekuko baten bisita, Torremolinosen uda pasan dagoen bikotearen ibilerak eta Euskal Telebistako kazetari bati kaleko inkesta bat burutu nahian gertatzen zaizkionak.
Igandean Bidanian antzeztu zuten, bihar Ataunen antzeztuko dute, abenduaren 14an Goizuetan, eta hilaren 20an Idiazabalgo Guraso Elkartea aretoan, 19:30ean.













