Ilinti murgildu da Gabonetako kanpainan
Merkatari elkarteko bazkideak hasi dira Gabonetako zozketarako txartelak banatzen. Aurten 500 euroko hiru erosketa bonu zozkatuko ditu, abenduaren 19an, Laubiden egingo den festan.
Legazpin merkatariak Gabonei begira hasi dira, eta Ilintik aste honetan bertan jarri du martxan bere kanpaina berria. Aurten ere sari handiak banatuko ditu erosleen artean, eta festa antolatu du banaketa ekitaldirako.
Aurten hiru sari izango dira, 500 euroko hiru erosketa txartel, Ilintiko establezimenduetan gastatzeko. Zozketa abenduaren 19an izango da, propio antolatutako festaren baitan. Ilintiko merkatariak hasita daude dagoeneko zozketarako zenbakiak banatzen erosketak egiten dituztenen artean. Azken txartelak abenduaren 19an bertan banatuko dituzte.
Sarien zozketa, festa giroan
Abenduaren 19an izango da Ilintiren Gabonetako festa, Laubiden, 18:00etan hasita. Xaibor disko jartzaileak girotuko du musika eta dantzarekin, eta bitartean, txokolatea eta bizkotxoak banatuko ditu elkarteak. 19:30ean, kanpaina honetan banatuko dituen sarien zozketa egingo da.
Zozketa hori “El Niño” errege eguneko zozketaren antzera egingo dute, eta banan bana aterako dituzte zenbakiak, bost zifratako zenbaki sariduna osatu arte. Saritutako zenbakien jabeek bertan egon beharko dute sariak. Ez bada saridunik agertzen, berriz egingo dute zozketa, irabazle bat lortu arte. Ekitaldian bertan jakinaraziko dira irabazleen izenak.













