Irene Paredesek beste titulu bat gehitu du bere palmaresera
Legazpiko futbolariak Nations League irabazi du bigarren urtez jarraian, Espainiako selekzioarekin. Kapitaina izanik, berak jaso zuen garaikurra atzo taldekide guztien izenean.
Alemaniarrei 3-0 markagailuarekin gailenduta, Espainiako emakumeen selekzioak bigarren urtez jarraian irabazi zuen atzo Nations League edo Nazioen Liga txapelketa, eta horrekin, taldeko kapitaina izan den Irene Paredesek titulu bat gehiago gehitu du bere palmares oparoan. Kapitaina izaki, legazpiarrak jaso zuen garaikurra taldekide guztien izenean.
Irene Paredesek (Legazpi, 1991) herriko Ilintxa futbol taldean abiatu zuen bere ibilbidea, eta maila gorenera iristea lortu du. Urolatik eta Zarauzko taldeetatik igaro ondoren, Realean jokatu zuen eta gero Athletic-en, profesional bihurtuta dagoeneko. Parisera jo zuen ondoren Paris Saint Germain taldera, eta azken urteetan Barcelonan ari da. Barçarekin 2027ra arteko kontratua du sinatuta.
Makina bat titulu irabazi ditu ibilbide oparo honetan zehar: selekzioarekin, aipatutako Nazioen Ligako bi tituluak eta munduko txapelketa; sei liga, bat Atlhetic-ekin, beste bat PSG-rekin eta lau Barçarekin;, lau Kopa, bat PSG-rekin eta hiru Barçarekin; lau Super Kopa Barçarekin; eta bi Txapeldunen Liga Barçarekin.













