Ordiziako emakumezko zinegotziak elkartuta, espazio politiko seguruagoak eskatzeko
Eudelen ekimenarekin bat egin dute Ordiziako emakume zinegotziek. Ekintza plana eskatu dute indarkeria eta sexismoa prebenitzeko.
Ordiziako udalbatzaren artxiboko irudia.Loinaz Agirre. Azaroaren 25aren testuinguruan, Eudelek Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko udal guztietako emakumezko hautetsiei egindako azterketa baten ondorioen datua argitaratu zuen: 150 alkate eta zinegotzi emakumeri egindako barne inkesta baten arabera, %60ak indarkeria matxista —fisikoa edo ahozkoa, psikologikoa edo sinbolikoa— jasan edo ikusi du beren agintaldian. Eudelen esanetan, «emaitza horiek bat datoz genero rol eta estereotipoetan oinarritutako kultura politiko androzentrikotik eratorritako egitura arazo bat dagoela ohartarazten duten Europako azterlan berriekin».
Ondorioz, Eudelek ekimen «aitzindari bat» aurkeztu du emakumeek tokiko politikan duten indarkeria eta sexismoari aurre egiteko. Besteak beste, 33 neurrik osatutako «plan malgu bat» prestatu du, «sentsibilizazio, prebentzio eta ekintza ardatzetan bilduta, udal bakoitzak bere ekintza plan propioa garatu ahal izateko, bere errealitatera egokituta, bere autonomia errespetatuz eta bereziki udalerri txikiagoen beharrei erantzunez».
Mozioa, onartuta
Lehen urratsa izan da udal bakoitzak Osoko Bilkuran akordio bat onartzea, konpromiso instituzional eta indibidual hori formalizatzeko eta udal neurriak hautatzeko eta garatzeko prozesua irekitzeko. Ondoren, Eudelek akordio horien jarraipena egingo du, eta «atxikipenen web-plataforma bat prestatuko du, konprometitutako udalerriak erregistratzeko. Era berean, Eudelek «aholkularitza eta laguntza teknikoa eskainiko ditu prozesu osoan».
Ordizian, azaroaren 27ko udalbatzan, talde politiko guztietako Udalbatzako emakume zinegotziek mozioa aurkeztu eta aho batez onartu zuten, espazio politiko seguruagoak, berdintasunezkoagoak eta indarkeria sexistarik gabekoak bultzatzeko helburuarekin. Sinatzaileak ondorengoak izan ziren: Agurtzane Antoñana Arizmendi (EAJ), Ainhoa Jimenez Goñi, (EH Bildu), Ana Maria Sanchez Herraez (PSE-EE), Arantxa Arozena Gomez (EAJ), Itsaso Muñoz Rodriguez (EH Bildu), Leire Bidaguren Pujana (EAJ), Marta Ortega Etxeberria (EH Bildu), eta Viviana Angelica Murillo Cazar (Ordizia Orain -Elkarrekin Podemos).
Ainhoa Jimenezek irakurri zuen mozioa, eta Ordiziako Udalari eskatu zion Eudelek bultzatutako Erakunde Akordioarekin bat egitea, «udal-eremuan indarkeria eta sexismoa prebenitzeko, detektatzeko eta horri aurre egiteko lehen urrats gisa».
Neurrien lehen sorta bat
Era berean, «udal talde guztien artean barne prozesu bat irekitzea, Eudelek proposatutako 33 neurrietatik lehen sorta bat elkarrekin hautatzeko, Ordiziako errealitatera egokitutako udal ekintza planerantz aurrera egin ahal izateko» eskatu dute. Azkenik, Berdintasun Arloari eskatu diote «prozesu hori koordinatzeko eta Eudelekin hitz egiteko, ekimen honetan eskainitako laguntza eta aholkularitza teknikoa jasotzeko».
Azaroaren 27an eta abenduaren 1ean udalbatza bana egin dute Ordizian
Azaroko udalbatzako gaien artean, diru sarrerak bermatzeko eta gizarte inklusiorako udal laguntzak programa arautzen duen ordenantzaren hasierako onarpena ere onartu zuten aho batez. Beste bi mozio ere landu zituzten. Batetik, PSE-EEren Ordiziako desfibriladoreen programa eguneratzeko mozioa onartu zen PSE-EE, EAJ eta Ordizia Orainen aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen: «Nahiz eta egitasmoarekin ados etorri, abstenitu egingo gara, hemen jasotzen diren gauza batzuetan, iruditzen zaigulako, dagoeneko eginda dauden gauzak aipatzen direla», adierazi zuen alkateak. Bestetik, Euskararen Eguneko Adierazpena aho batez onartu zuten.
Astelehenean, abenduaren 1ean, ezohiko beste udalbatza bat egin zuten, ordenantza fiskalei alegazio bat aurkeztu ziolako Toledoko abokatu batek. Aho batez onartu zuten alegazioa ez onartzea: «Pertsona horrek ez duelako legitimaziorik. Ez da Ordiziakoa, eta ez dio eragiten ordenantza fiskalak». Beraz, 2026ko ordenantza fiskalei behin betiko onarpena eman diete.













