Ordiziako feria Gabonei begira jarri da
Izeiak, gozo eta fruta kontuak eta pazko loreak hasi dira, gerturatzen ari diren data horietarako produktuak guztiak.
Abendua hastearekin bat, eta ia neguko hotzarekin, Ordiziako feria hasi da Gabonetarako prestatzen, eskaintzari dagokionez behintzat. Aurreko astean ikusi ziren data berezi horietako lehen zantzuak, Azanzak salgai jarritako Pazko loreekin, eta gaur, produktu gehiago ikusi dira.
Izeiak izan dira horietako batzuk. Mikel Lasaren postuan zituzten salgai, normandiana motakoak, eta 15 eta 25 euro artekoa zen prezioa. Azken urteetan asko jaitsi da izei naturalen salmenta, baina badira oraindik plastikoari aurre egiten diotenak, eta horientzat ekarri izan du urtero Lasak generoa. Datozen asteetan ere izango ditu izei gehiago.
Gozo eta fruta kontuak ere moldatu dira Gabonetarako, eta hasita daude polboroiak, mazapanak, pikuak eta beste. Horrelako gaiak lau postutan erosi daitezke ferian: Rufina Ramajo, Juan Jose Gastesi eta bien alaba Ainararena Plaza Nagusiaren albo batean dago, Teo Muñozena beste alboan, eta Luis Rodriguezena goi aldean; Zuhaiztian, berriz, Jon Blancok du postua. Hauek dira salgai dituzten Gabonetako produktu esanguratsuenak: polboroiak (11,9-38,5 €), mazapanak (16,9-26€), mantekatuak (18€), girlatxea (20-26€), mahats pasak (6,9-22€), aran pasak (10-12€), orejoiak (16,5-22€) eta pikuak (7,5-18€).
Gabon kontuekin amaitzeko, esan behar da Azanzak poinsetia arrosak ere badituela salgai, 9,5 euroan, eta urte amaieran egin ohi izan den feria berezia aurten abenduaren 23an, asteartean, egingo dela.
Berritasunetan, tupinamboa
Berritasunak ere aipatu behar dira, gaur Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallanesek tupinambo deituriko tuberkulua aurkeztu duelako. Beste toki batzuetan txerri patata izenarekin ezagutzen da, egosita edo labean erreta jaten da batez ere, eta orburuaren eta intxaurraren arteko zaporea du. Kiloa 6 euroan zuen salgai.
Lore kontuetara itzulita, Azanzak bazuen gaur berri bat, hiazintoa, 2,5 euroan.
Perretxikoak, berriz, Lasak izan ditu bakarrik, Barcina ez delako ferian izan: 80 kilo onddo (24-42 euro), 25 kilo niskalo (28 euro), 20 kilo ziza hori (28 euro), 9 kilo saltsa perretxiko beltz (26 euro), 10 kilo mendiko angula (26 euro), 6 kilo gorringo (38 euro), eta kilo bat boilur (160 euro).
Sardina zaharrak
Sardina zaharrak ez dira inolaz ere produktu berriak Ordiziako ferian, ia astero egoten direlako salgai, baina aipamena merezi dute, toki gutxitan ikusten direlako. Goen plazan erosi daitezke asteazkenetan, Lezo bakailao saltzailearen postuan.
Gaur Arantxa Ayerza zegoen postuaren arduran, eta azaldu duenez, asko ez, baina saltzen dira. Banaka daude salgai, 0,80 euroan. Brasan erreta, tortillan, edo dauden bezala, azala kenduta eta papurtuta, oliba olioarekin jaten omen dira.
Sardina zaharrak baino gehiago, bakailao gazia saltzen da postu honetan, eta era askotan prestatuta dute aukeran: tamaina eta lodiera desberdinetako xerrak, takoak, puntak, hegalak, kokotxak, buruak eta papurtutakoa.
Bisitak
Gaur ere izan da kanpoko jendea feria bisitatzen. D’elikatuz zentroko arduradunen eskutik, Basque Culinary Centerreko ikasle talde bat, eta Bizkaiko Barakaldoko Lanbide Heziketa Zentroko beste talde bat, 27 lagunekoa, ibili dira Plaza Nagusian postuz postu.
tere













