Gipuzkoako txapelak Oiangun erabakiko dira
Ordiziako Oiangun jokatuko da Gipuzkoako txapelketa den Txindoki Krosa. Abenduaren 7an, igandean, 10:00etan hasiko dira mailaz maila korrikalariak lasterka.
Ainhoa Sanz urretxuarra, iazko irabazlea –ezkerrean–, Ordizian izango da igandean. Carlos Mediavilla. Igandean, 10:00etatik aurrera, Txindoki Atletismo taldeak antolatutako Txindoki Krosa jokatuko da Ordiziako Oianguko parkeko zelaietan. Gipuzkoako txapelketako proba izango da aurten, eta mailaz maila izendatuko dituzte Gipuzkoako txapeldun berriak. Iganderako eguraldi ona iragarrita badago ere, astean zehar egindako euriagatik, lokaztuta izango dira Oianguko zelaiak.
Parte hartze zabala
Benjamin mailatik hasi eta helduetara arteko mailetan lehiatuko dira ehunka korrikalari Oiangun. Txindoki atletismo taldeak jakinarazi duenez, Txindoki taldeko 92 korrikalarik hartuko dute parte.
Goierri Garaia taldetik ere hogei korrikalaritik gora lehiatuko dira igandean Txindoki Krosean, zortzi eskolarteko eta hamabost-bat federatu. Tartean izango da iaz maila absolutuko lasterketa irabazi eta Euskadiko txapela jantzi zuen Ainhoa Sanz urretxuar korrikalaria ere.
Mailaz maila
Korrika egiten lehenak, 16 urtetik beherakoak izango dira; emakumezkoak 10:00etan eta 10:20an gizonezkoak. 2.750 metro osatu beharko dituzte. Ondoren, 10:40an, 18 urtez azpiko emakumezkoek eta gizonezkoek elkarrekin egingo dute lasterketa, 3.830 metro osatu artean. Maila absolutuko korrikalariak, gizon zein emakumeak, 11:05ean abiatutako dira, 6.350 metro egiteko.
11:40an infantil neskak eta 11:55ean infantil mutilak (1.650 m) ariko dira; 12:10ean alebin neskak eta 12:25ean alebin mutilak (950 m), eta 12:40an benjaminak, mistoa (250 m).













