Izaro Nietoren lehen film luzea
Koldo Almandozen ‘Azken agurra’ filmeko protagonistetako bat da ordiziarra.
Izaro Nieto Ruano ordiziar aktorea, ezkerrean. David Herranz. Gizakiaren miseria txikiak komedia bihurtu ditu Koldo Almandoz zinemagileak Azken agurra film luzean. Iñigo Azpitarte aktoreak gorpuztu duen Tomas Martinez 45 urteko aita trakets, enpresari kaotiko eta ameslari amorratuaren ondoan, lehen film luzea duen Izaro Nieto Ruano ordiziar aktorea aritu da. Nietok Azken agurran Sararen rola du, Tomas Martinezen enpresan praktikak egiten ari den antropologia ikaslearena.
Ostiralean amaitu zituzten grabazio lanak, eta Nietok Goierriko Hitzari aitortu dionez, «oso pozik» dago Almandozek film luze batean aritzeko aukera eman diolako. Lehen aldiak bereziak izaten dira, eta oso esperientzia ona izan dela nabarmendu du ordiziarrak: «Oso ondo joan da».
Almandoz zine zuzendaria ere gustura dago Nietok egindako lanarekin, eta «aparteko dohain bat» txalotu dio Nietori: «Aktoreek txikitzen ikasi behar izaten dute antzerkitik zinemara pasatzean, baina Izarok berezkoa du hori».
Urtebete barru-edo, zinemetan ikusiko da lantaldearen emaitza.













