San Nikolas euriarekin iritsi da aurten Legazpira
Eguraldiak derrigortuta, errondaren ibilbidea aldatu egin dute eta erdiguneko aterpeetan abestu dituzte ohiko koplak. Amaiera Azokan izan da, eta txokolatea banatu dute gerturatu diren guztien artean.
Euria gogoz egin du arratsaldean Legazpin, eta San Nikolas errondan eragina izan du. Laubide auzotik zen ateratzekoa desfilea, eta herri osoa zeharkatu ondoren Azokara joateko, baina ibilbidea aldatu egin behar izan dute.
Hala, Agirre-Etxeberrin 17:30ean elkartu dira gotzainaren papera betetzen zuen Ibai Belauntzeta eta Doinua musika eskolako irakasleak eta ikasleak, hainbat legazpiarrek lagunduta. Bertan abestu dituzte lehen koplak, eta ondoren, batzuk Santikutz egoitzara joan dira, bertako egoiliarrentzako kantu saio txiki bat egiteko. Ondoren, Azoka aldera abiatu dira, eta bideko aterpeetan hainbat geldialdi egin dituzte.
Amaiera festa giroan izan da, Azokan bertan. Han abesti dituzte azken koplak, eta bukatzeko, txokolatea banatu dute bertaratu diren guztien artean.













