80. urteurrenera osasuntsu iritsi dira
Ordiziako Mendizaleak elkarteak 80 urte bete ditu aurten. Asteroko mendi ibilaldiak eginez, sasoian iritsi da elkartea 80. urteurrenera. Dokumentala egiten ari dira.
Azaroaren 30ean, 80. urteurreneko bazkaria egin zuten Ordiziako Mendizaleak elkartekoek. Euskal mendizaletasunaren historia XIX. mendearen amaieran hasi zen, hiri eta herri jendetsuenetako biztanleak jaiegunetan mendira joaten hasi zirenean. XX. mende hasieran, mendizaleak elkartzen hasi ziren mendizale elkarteetan. Ordizian 1923ko ekainekoak dira lehen aztarnak.
36ko gerra ondorenean, 1941eko apirilean Villafranca Union Club eratu zen eta hamabost gaztek Mendi Saila sortu zuten Patxi Garmendia Mendigar historialari ordiziarrak gogoratu duenez. «Angel Yurrita presidentea; idazkaria, Juan Antonio Sanz; bokalak, Marcelino Arana, Luis Galarreta, Roman Leunda, Jose Martin, Martinez anaiak, Gaztañaga anaiak, Corta anaiak, Nadal, Tomasa Sarasola, Manolo Zapata eta Auzmendi anaiak. Gogoa ez zitzaien falta. Hasiera batean Eli eta Carmen Gaztañaga ahizpen lokal batean egiten zituzten bilerak eta geroago Madril tabernara joan ziren».
Dena den, Villafranca Union Clubetik bereizi eta 1945eko apirilean, Juan Antonio Sanz buru zela, Montañeros Ordizianos izeneko elkarte berria sortu zuten, «mendiko kirola sustatzea» helburu zutela. Mendizaletasunak gora egin zuen Ordizian eta 1954ko uztailaren 18an, Ordizia kaleko 5. zenbakian lokal-elkartea ireki zuten. 1971n, «Manuel Zeberio, Fernando Terradillos, Santiago Mendizabal, Fernando San Pedro, Luis Garcia eta Lutxi Lasaren bultzadaz, elkartearen estatutu berriak idatzi ziren, aurrerantzean, elkarteak Ordiziako Mendizaleak izena hartu zuen».
Dokumentalean jasotzen
Belaunaldiz belaunaldi 80. urteurrenera iritsi da Ordiziako Mendizaleak elkartea. Azaroaren 30ean ospatu zuten urteurrena, besteak beste, Joxe Imaz, Juan Cuesta, Santi Mendizabal eta Manolo Otegi bazkide zaharrenei omenaldia eginez.
Baina ospakizunak ez dituzte bukatu. 80. urteurrenaren aitzakian, Ordiziako mendizaletasunaren historia jasoko duen dokumentala ontzen ari baitira. Mari Karmen Odriozolak, lau belaunalditako 44 mendizale eta eskalatzaile elkarrizketatu, Patxi Garmendia Mendigarrek eta Patxi Zubizarretak gidoia egin, Joserra Senperena piano jotzaileak musika jarri, eta Iban Toledok kamerarekin grabatu eta dokumentala editatu du. Azken ukituak ematen ari dira eta Herri Antzokian aurkezpena egitea dute helburu, nahiz eta oraindik data zehaztu gabe duten.
Gerra aurretik eta ondoren
Odriozolaren esanetan, «bai gerra aurretik eta bai gerra ondoren, mugimendu handia izan zen» Ordizian. «Gerratean, jendeak irten beharra zeukan, nolabait, beren egoerari buelta emateko». Gaur egungo baliabiderik ez zen gainera: «Etxaberen autobusa zuten Larraitza joateko. Kotxerik ez zen. Baina elkarrizketatu ditudan zaharrenek kontatzen dutenez, goizeko 6etan meza entzun eta abiatzen zirela mendira. Kaminoz egin behar izaten zuten lehenengo bidea eta gero Txindokira edo Aralarrera igo».
Inguruko mendietan hasi ziren eta, pixkanaka, urrutiratzen joan ziren. Lehenengo Pirinioetara (1958 inguruan), eta Alpeetara (1961ean), Andeetara (1980an) eta Himalaiara ondoren. «Pirinioetara joateko kotxea behar zen eta edozein kotxe zaharretan joaten ziren, eta oso talde txikian. Jesus Aierbek-eta kontatzen zuten: arraina saltzeko erabiltzen zuten furgoneta zahar batean joaten zirela». Mendiko materiala ere ez zuen edozeinek. «Materiala behar zen eta edozeinek ez zeukan kranpoirik eta pioletarik. Gero norbera hasi zen pioletak egiten. CAFen pioletak egiten hasi omen ziren».
Oinetakoekin ere berdin: «Aldak egindako oinetakoak erabiltzen nituen nik neuk, neurrira egindakoak. Eta hori kostata! Hasieran abarkekin joaten ginen mendira, eta gonarekin».
Hasieratik emakumeak
Mendizaletasunarekin batera, beste balio batzuk ere sustatu izan ditu Ordiziako Mendizaleak elkarteak Odriozolak eta Mendigurenek gogoratu dutenez. «Hasieratik, emakumeek parte hartu izan dute elkartean eta mendi irteeretan. Eluteri eta Karmen Gaztañaga eta Julene Iturriotz hasieratik ibili ziren. Gehiago ere izan ziren. Miren Lasa, Pepi Lasa… ere asko ibili ziren. Gure ama zena ere bai…», dio Odriozolak.
Eta euskara izan dute ekintzen oinarrian: «Euskaraz hitz egiteko unea izaten zen mendira joatea. Julenek-eta beti esaten ziguten euskaraz egiteko. Mendia zen euskara erabiltzeko gune bakarra. Eta hori mantendu da».
Osasun onean
Ordizia «oso herri mendizalea» izan dela erakutsi dute urteek. Eskalatzaile on asko ere izan dira. 80. urteurrenera Ordiziako Mendizaleak elkartea «osasuntsu» iritsi da. Mendiguren lehendakariaren esanetan, astero mendi irteera antolatzen duen Gipuzkoako elkarte bakarra izango da gaur egun Ordiziakoa. «Beste herri batzuetatik Ordiziara etortzen ari dira: Beasaindik, Gabiriatik, Ibarratik… eta horrek poza ematen dit».
Irteeretarako autobusa antolatzen hastea mugarria izan dela dio: «Aldaketa batzuk egin ditugu eta horietako bat irteeretarako autobusa antolatzea izan da. Autobusa betetzen dugu ia igandero. Aurten, batez beste, 32-33 joan gara mendi irteeretara, batzuetan gehiago, besteetan gutxiago. Mantentzen ari da eta jendea pozik dago».
Osasun onean jarraitzeko, gazteak elkartera erakartzea dute erronka.












