Edu Perez, gitarra jotzen duen youtuberra
Gitarra gustuko dutenek, Legazpiko Edu Perezek nola jotzen duen ikusteko aukera dute Edy Genius Guitar izenarekin duen Youtube kanalean.
Edy Genius Guitar Youtubeko kanal bat da, batez ere gitarra soinuei eskainitakoa. Eduardo Perez (Legazpi, 1980) da arduraduna, eta 1.590 harpidedun ditu. Gitarra jotzen grabatutako bideoak igotzen ditu bereziki, baina beste gai batzuk ere ukitzen ditu. Argitaratutako azkenetako bat, adibidez, abenduaren 3ko Euskararen Egunari eskaini dio.
Edu, youtuberra izateaz gain, Legazpiko Gureak tailerreko langilea da. Aurretik Oñatiko Zahor lantegian egin zuen lan, eta Ulman eta Bellotan ere ibili zen. Baina 2008an erizain laguntzaile izateko ikastera joan zen Gasteizera, eta lanbide horretan jardun zuen Santiago ospitalean hainbat urtetan, kontratua amaitu zitzaion arte. Orduan Legazpira itzuli zen, eta osasun arazo batzuk medio lanik gabe egon eta gero, Gureak lantegian hasi zen azkenik. Zortzi urte daramatza enpresa horretan.
Gitarra eta Alive taldea
Musika txikitatik izan du gustuko Eduk, «dance estiloa lehenengo», gogoratu du. «Baina Urretxuko institutuan ikasten hasi nintzenean, rock musika hasi zitzaidan gustatzen, eta gitarra elektrikoa eta espainola zituen lagun batek jotzen erakutsi zidan». Oscar Rebe zen lagun hura, eta hark erakutsi ziona nahikoa izan zen Eduri gitarrarekiko grina pizteko.
Lehen gitarra, espainola, 1997an erosi zuen, 17 urte eskas zituela, jotzen hasi eta bi urtera. Garai hartan Legazpin propaganda banatzen ibili zen tarte batean, eta hala irabazitako dirua bigarren gitarra erosteko erabili zuen, elektrikoa hura. Eta jaunartzetik gordeta zuen diruarekin, anplifikadorea erosi zuen. Ekipoa osatuta, erosi zituen musika aldizkarien laguntzarekin, bere kabuz hasi zen gitarra elektrikoa jotzen. Gerora, Josi Labajos musikariarekin ikasi zuen bi urtez.
Eta taldea sortu zuen 2010ean, Alive. Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko musikariek osatu zuten. Bi urteko bidea egin zuen taldeak, eta lau kontzertu egin zituzten Urretxuko Branningans eta Osaba tabernetan, eta jaietako txosnan, eta Donostiako Leize Gorria tabernan. Laura, Sebas, Emilio, Julen, Gorane eta Edu bera ziren taldekideak.
Taldea desegin eta gero, etxean bere kabuz jarraitu zuen gitarrarekin legazpiarrak, eta alboratuta ere utzi zuen urte batzuetan.
Youtube kanala
Baina pandemia iritsi zen, eta konfinamenduan berriz heldu zien etxean zituen bi gitarrei. Looper eta Wah-Wah osagarriak erosita, berak jotako musika grabatzen hasi zen, gitarra soloak. Etxeko garajean du muntatuta estudio txiki bat.
Eta lagun batek animatuta, Youtube kanala ireki zuen Edy Genius Guitar izenarekin, eta gitarra jotzen zuen bitartean bideoak ere grabatu, eta kanal horretara igotzen hasi zen. Lau urteko ibilbidea du proiektu honek. «Eta dagoeneko lortu ditu 1.590 harpidedun, eta tarte honetan 1.600dik gora bideo ditut bilduta eta 300.000tik gora bisita. Jende asko da, pozik nago». Beste musikari batzuen bertsioak igotzen ditu Youtubera Eduk, baina baita konposizio propioak ere. «Ikusleei gustatzen zaie igotzen dudana, ondo dagoela diote askok».
Bideoaren aurrean bakarrik ez, jende aurrean ere jotzen du gitarra musikari honek, eta duela gutxi, adibidez, kontzertu txiki bat egin zuen Laubideko Lukas tabernan gitarra espainolarekin. Aurretik egina zuen beste jendaurreko saio bat Zamorako Moldonesen, familiaren herrian.
Gitarra kontuez gain, beste afizio batzuk ere baditu Eduk, eta horiei ere lekua ematen die Youtubeko kanalean. Mendia eta natura, aeronautika eta kosmologia, eta zientzia dira afizio horiek, eta gai horiei buruzko bideoak ere baditu jasota.
Hala eta guztiz ere, gitarra du afizio nagusi bere denbora librean, eta horrekin jarraitzeko asmoa dauka, Youtubera bideo gehiago igota.













