Euskal Magoen Galak hirugarren edizioa beteko du aurten
Eneko Gutierrez mago eta ilusionista legazpiarrak antolatuta, abenduaren 12an izango da, Latxartegi aretoan. Sarrerak salgai daude. Gala honek, asteburu osora zabalduk den Magia Jiji-Jaja Jaialdia irekiko du.
Euskal Magoen Galak hirugarren urtea beteko du aurten. Eneko Gutierrez mago eta ilusionistak (Legazpi, 2021) sortu zuen 2023ko abenduan, legazpiarrei magiaren mundua gerturatzeko asmoz. Aurreko bi edizioetan helburu hori beteta, hirugarren ekinaldia bertan da, eta datorren asteburu osoan zehar zabalduko diren magia ikuskizunez eta ekitaldiz lagunduta dator.
Hurrengo astek ostiralean, abenduak 12, izango da magia gala Latxartegin, eta igande arratsaldera arte luzatuko den Jiji-Jaja magia jaialdiaren lehen edizioa irekiko du.
Eneko Gutierrez irrikan dago asteburu horri begira. Madrilen dabil azken asteetan, bi magia ikuskizunekin. Alde batetik, hiriburuko kanpoaldean dagoen Teatro Encantando aretoan Magiaz blai ikuskizuna du karteldegian (Empapados de magia izenburua jarri dio gazteleraz), eta Gran Via kale entzutetsuan dagoen Teatro Escondido izeneko aretoan, Magia a lo loco lana ari da taularatzen.
Baina abenduaren 12tik 14ra bitarteko astebururako Madrid utzi, eta Legazpira etorriko da “niretzat urteko ekitaldi garrantzitsuena delako magia gala”.
Goi mailako euskal magoak
Aurten asteburu osoko jaialdi baten barruan kokatu du gala. “Esan nuen magia gala hirugarren ediziora iristekotan, egun gehiago hartuko zituen jaialdi bat antolatuko nuela. Eta horrela izan da”. Aurretik laguntzaile zuen udalarekin batera, herriko merkatariak, tabernariak, Gaztetxea eta Lenbur Fundazioa nahastu ditu antolaketan, eta Legazpi magiaz beteko du hiru egunetarako.
Baina ostiraleko gala da jaialdiko ekitaldi garrantzitsuena. Hiru artista gonbidatu ditu aurten Gutierrezek: Alaitz Oraa, Julen Magoa eta Enzzo. Gutierrezek berak ere parte hartuko du, aurkezle gisa, Fernando de Rozasekin batera.
Guztiak dira euskal magoak, goi mailakoak, eta ikuskizuna euskaraz izango da. “Karteldegi polita osatu dugu”, dio antolatzaileak. Alaitz Oraa gasteiztarra da artistetako bat, “Europako txapelduna da ilusio handietan”, eta Julen Magoarekin konpartituko du ikuskizuna, “dantzari batekin datoz biak, eta bien artean bi magia ikuskizun oso musikalak eskainiko dituzte. Julenek, gainera, umorea erabiliko du”. Julen Revuelta azpeitiarra da Julen Magoa. Eta Enzzok osatzen du karteldegia, Markina-Xemeingo (Bizkai) Oier Juradok, hain zuzen. “Oier kimikaria da, eta kimika eta magia uztartu ditu ikuskizun batean, Enzzo izeneko pertsonaia horretarako propio sortuta. Oso ideia originala da proposatzen duena”.
Gala osatzeko, Eneko Gutierrezek eta Fernando de Rozasek aurkezpen eta ikuskizunen arteko lotura lanak egingo dituzte, magia komikoa ardatz hartuta. “Gure zeregina galaren erritmoa mantentzea izango da, eta 5 minutu inguruko ikuskizuntxoak egingo ditugu beste magoak prestatzen diren bitartean”.
Horrelako galak “magia mota asko” ikusteko sortuta daudela azaldu du legazpiarrak. Kasu honetan, “magia komikoa, ilusio handiak eta magia txikia” izango dira taulatu gainean. Ordu eta erdi inguruko ikuskizuna izango da Legazpikoa.
Sarrerak salgai daude dagoeneko, 5 euroan. Latxartegi aretoko leihatila digitalean erosi daitezke duela aste batzuetatik, eta salmenta arin doa. Egunean bertan ere egongo dira salgai, aretoko leihatilan bertan.
Asteburu osorako magia
Euskal Magoen Gala hau Jiji-Jaja magia jaialdiaren hasiera izango da. Latxartegitik atera egingo dute magia, eta kalera, tabernetara, dendetara eta museo batera eramango dute. Jaialdiaren lehen edizioa da, eta Gutierrezentzat “oso une berezia eta garrantzitsua” da, “nire lagunei eta legazpiar guztiei helaraziko diegulako magia, kalitatezko magia”.
Herri guztia beteko dute magiaz hiru egunez, eta horretarako, udalaren babesaz gain, Ilinti merkatarien eta kaleko tabernarien Kate elkarteen eta Lenbur Fundazioaren laguntza jaso dute, baita Legazpiko Gazte Asanbladarena ere. Larunbatean izango diren hamar magoen partaidetza nabarmendu du Gutierrezek; goizean dendetan ibiliko dira, arratsaldean tabernetan, eta gauean Gaztetxean.












