Gabon biziak Ordizian
Abenduaren 23an izango da Eguberrietako azoka berezia. Kalakan taldeak kontzertua eskainiko du abenduaren 19an elizan. Haurren Gabonetako parkea Majori kiroldegian izango da.
Ordiziako Gabonetako egitaraua aurkeztu dute gaur Barrenan.Ordiziako Udala. Eguberrietako urteroko egitaraua aurkeztu dute gaur Ordizian. “Urteroko legez, aurten ere Gabonetako eskaintza zabala antolatu da Ordizian. Egun bereziak izaten dira familia eta gertukoekin ospatzeko, eta bide horretan adin guztietako pertsonei bideratutako programa osatu dute Ordiziako hainbat eragilek”, adierazi du Ainhoa Jimenez, Ordiziako Hezkuntza zinegotziak.
Herriko eragile desberdinek osatu dute egitaraua eta zinegotziak ordiziarren parte hartzea eskertu du: “Egitarau hauek osatzeko jende askoren inplikazioa eta lana dago; gehienetan isileko eta ezkutuko lana. Gaurko argazkian ikus dezakegun bezala, asko eta asko dira lanean ibiltzen direnak. Gure eskerrik beroenak helarazten dizkiegu halako egitarau zabal eta aberatsa osatu dugulako elkarrekin, zalantzarik gabe, hori da Ordizia berezi egiten duena, elkarrekin holako gauza ederrak sortzea”.
Ekitaldiak
Ohi bezala, askotariko ekitaldiak izango dira Ordizian Izaro Intsausti kultur teknikariak azaldu duenez.
- Abenduaren 15-18 bitartean Barrenan Elkartasun astea egingo da Seaska eta Palestinaren alde, Jakintza Ikastolak antolatuta.
- Abenduaren 17an, Euskal Herriko XXVII. Txistorra lehiaketa, 10:00etan hasita.
- Abenduaren 18an, 17:00etan Mari Domingi antzerkia, Herri Antzokian, Hitzaro Euskara Elkarteak antolatuta. 19:00etan Gabonetako kalejira egingo dute Musika Eskolako ikasleek.
- Abenduaren 19an, Kalakan taldearen kontzertua, doan, Elizan, 20:00etan.
- Abenduaren 21ean, Elizan Emotioren Gabonetako kontzertua, 18:00etan.
- Abenduaren 23an izango da Gabonetako azoka berezia. 09:00etan, hasita abereen erakusketa; 10:00etan, Kulki baserriko herri kiroletako jolasak; 11:00etan, aurtengo urtean nazioartean saritutako gaztandegiei esker oneko ekitaldia; 19:00etan, Idiazabal Gazta, azokako sagar eta eratorrien dastaketa, D’elikatuzen; eta 20:00etan, Oroith abesbatzen eta Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatzaren Gabon kontzertua elizan.
- Abenduaren 24an. Herriko abesbatzek eta ikastetxeek kaleak alaituko dituzte, eta Ametsbideren Euskalphotocalla ere jarrita egongo da Barrenan. 12:00etan, Plaza Nagusian Olentzero eta Mari Domingiren ekitaldia izango da; arratsaldean, berriz, 16:00etan abiatuko da bien karroza auzoz auzo igarotzeko. Segidan, Tximistatik Olentzero eta Mari Domingiren desfilearen irteera egingo da. 18:00etan, zaharren egoitzan Eguberrietako emanaldia eskainiko du Oroith abesbatzak.
- Abenduaren 25ean Beti Argi Musika Bandaren diana 10:30ean, eta 13:00etan Garagartzan, Eguberrietako kontzertua.
- Abenduaren 26an Ordiziako Gabonetako alebin eta kadete mailako futbol txapelketak, Altamirako anexoan.
- Abenduaren 27an, 11:30ean, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lorek Zerua lapurtu dute ikuskizuna, Majori Kiroldegian. 12:00etan, Ordizia Kirol Sarien sari banaketa, Plaza Nagusian;. XIX. Burrunbazale Eguna ere ospatuko da.
- Abenduaren 29an, XLIII. Gabonetako Nazioarteko txapelketa Majori Kiroldegian; goizean sailkapenak izango dira eta arratsaldean finalak jokatuko dira.
- Abenduaren 31n, San Silbestre – Jose Manuel Caballero ‘Txato’ memoriala: 17.30ean haurrena eta 18:30ean helduena. 19:00etan, Errondailaren eta Beti Argi Bandaren, Kattalin abestia.
- Urtarrilaren 2an, 18:30ean, Xabin Fernandezen Punpairez late show-a, doan, Herri Antzokian. Gonbidapenak Herri Antzokiko leihatilan lor daitezke.
- Urtarrilaren 3an, 18:30ean, Izan Inurri taldekoen Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatua, Herri Antzokian.
- Urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean, haurren Gabon Parkea, Majori Kiroldegian (3an eta 4an, 11:00-14:00 eta 16:00-19:00, eta 5ean, 11:00-14:00). Sarrera, bi euro eguneko (2022an edo ondoren jaiotako haurrek doan izango dute sarrera). Egunean bertan erosi beharko dira sarrerak Majori Kiroldegian. Dena den, 0-14 urte bitartekoek, urtarrilaren 5erako doako sarrera bana jasoko dute gutun batean.
- Urtarrilaren 5ean, 18:30ean, Erregeen kabalgata Buztuntzatik abiatuko da Plaza Nagusian emanez amaiera.
- Urtarrilaren 6an, 10:30ean, Ordiziako Txistularien diana eta 12:00etan Errondailaren kontzertua, Zaharren Egoitzan.












