Maria Jesus Asurmendiren erakusketa dago ikusgai Katilu tabernan
Legazpitik paseo bat egiteko proposatzen du bere lanekin, "baserri ingurunetik ingurune urbanora artekoa". Boligrafoarekin, akuarelarekin eta margo akrilikoarekin egindakoak dira.
Maria Jesus Asurmendi margolari zumarragarrak erakusketa jarri du ikusgai Legazpiko Katilu tabernan. Datozen asteetan “Legazpitik paseo bat” egiteko aukera izango da margo horien bitartez, “baserri ingurunetik ingurune urbanora artekoa”. Egilearen hitzetan, “burdinak gure inguruan izan duen garrantzia jaso nahi du, balioan jartzea merezi duen paisaia gogorra eta aldi berean kutuna sortu duelako”.
Tabernako paretetan eskegi eta sarrerako beirazko armairuan katiluen artean jarri dituen lanetan Skechers koadernoak daude alde batetik, akuarelarekin eta kalibratutako boligrafoarekin egindako margo eta marrazkiekin. Markoztatutako lanetan, berriz, paper gainean egindako akuarela margoak eta mihisean margo akrilikoarekin egindako lanak daude.

Maria Jesus Azurmendi, ezaguna Legazpin

Azurmendi, Joan Kruz ile apaindegian egindako erakusketan. ARGAZKIA: Gorka Salmeron
Asurmendik erakutsi ditu bere lanak lehenago Legazpin, azken aldian Joan Kruz ile apaindegian. Txikitan hasi zen margotzen bere kasa artista zumarragar hau, eta 17 urte zituenean, 1991ean, Felix Vaquerizaren eskolan sartu zen. Ordutik, ibilbide luzea egin du margoaren munduan. Begoña Idiakezekin jarraitu zuen ikasten, eta aurrerago, hainbat pintura ikastarotan parte hartu zuen, lehenik Abdon Juaristi margolari bergararrarekin, eta Julian Ugarte zarauztarrarekin gero, Zumaiako Zuloaga museoan. Makina bat erakusketa egin ditu, taldeka zein bakarka, eta sari bat baino gehiago irabazitakoa da.












